Joan den igandean, martxoak 16, ikasturteko 6. haurren mendi irteera burutu genuen: Bergarako Ibilaldi Neurtua. Guztira 56 haurren partaidetzarekin eta hainbat gurasoren laguntzaz, 7 km-ko ibilbide zirkularra osatu genuen. Bergarako Gorla Alpino Taldeak, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean antolatutako Ibilaldi Neurtuan elkartu ginen, besteak beste, Eibar, Oñati, Deba, Elgeta eta Bergara herrietako haurrak.
Ibilbide luzea oso lokaztuta zegoela eta, antolatzaileek erabaki zuten partaide guztiok ibilbide laburra egitea. Horrela, behin harrera mahaietan partaidetza baieztatuta eta patruila bidezko sistema jarraituz (3-5 haurrez osatutako taldeetan banatuta) Ibargarai hiribideko plazatik abiatu ginen, goizezko hotzarekin, zintaz markatutako ibilbidea jarraitzeko. Ibilaldian zehar hiru kontrol puntu, non partaideek kontrol txartela erakutsi behar izan zuten aurrera jarraitu ahal izateko.
Atsedenaldi bat ere, San Martzial ermitan, eguzkiaren goxotasunean hamaiketakoa egiteko eta herri ezberdinetako partaideen arteko harremanak estutzeko. Hurrengo irteera, ikasturteko zazpigarrena, apirilaren 6an izango da: MANDUBIA – KIZKITZA – IZAZPI – ZUMARRAGA





































































































Utzi erantzuna