Pasa den igandean, otsailak 16, ikasturteko 5. haurren mendi irteera burutu genuen: Urdaneta (Zarautz) – PAGOETA (717 m) – Iturraran (Aia). Guztira bi autobus bete, 75 haurren partaidetzarekin eta hainbat gurasoren laguntzaz, 9,5 km inguruko zeharkaldia egiteko.
Udaberri beteko giro argitsu eta epelarekin abiatu ginen Zarauzko Urdaneta auzotik. Ibilaldian zehar, lehenengo eta behin, Urruztumeko tontorra gainditu genuen. Handik Pagoetako gurutzera abiatu ginen, talde argazkia egin eta jarraian Murugileko tontorrera igotzeko, Pagoetako parke naturaleko puntu garaiena, hain zuzen.
Beste behin, aurrez aurreko bista ikaragarriak: Gipuzkoako kostaldeko herriak (Zumaia, Zarautz, Orio, Donostia…) eta barnekaldeko mendiak (Ernio, Aizkorri, Erlo, Anboto…). Aiako plazatxo batean hamabitakoa egin eta aldapan behera jarraitu genuen, Agorregiko burdinola eta errota zoragarria bertatik bertara ezagutzeko. Azkenik, Iturrarango lorategi botanikoan barneratuta, mundu osoko landareak ikusi eta ezagutzeko aukera izan genuen.
Hurrengo irteera, ikasturteko seigarrena, martxoaren 16an: BERGARAKO IBILALDI NEURTUA





























































































































































































Utzi erantzuna