Izen-ematea hemen (epe-muga: irailaren 26a)
Mendirako zaletasuna bultzatzeko asmoz, 2025-2026 ikasturtean ere, Eibarko ikastetxeetako haurrek aukera izango dute hilean behin mendi irteerez gozatzeko.
Hau da ikasturte honetarako prestatu dugun egutegia:
| DATA | IBILBIDEA |
| Urriak 4 | Perretxikoak batzera (Eibarko Jardunaldi Mikologikoak) |
| Urriak 26 | Irun (Gipuzkoako Eskolarteko Finalistaren Eguna) * Zirkularra |
| Azaroak 16 | Villabona – OINDOLAR (435 m) kanaletatik |
| Abenduak 14 | Kanpazar – ARTADI (509 m) – Besaide – Udala |
| Urtarrilak 18 | Orio – KUKUARRI (337 m) – Igeldo |
| Otsailak 22 | Aizkorpeko ubidea eta mandobidea (Zegama) *Zirkularra |
| Martxoak 15 | Ibilaldi Neurtua (Antzuola) *Zirkularra |
| Maiatzak 10 | Arantzazu – TELLAKASKUETA (1.179 m) – Urbia – Arantzazu * Zirkularra |
| Ekainak 7 | Eibarko Finalista Eguna (Arrate) |
OHAR GARRANTZITSUAK
PARTAIDEAK
- LHko 3. 4. 5. eta 6. mailako ikasleak+ DBH 1. eta 2. mailako ikasleak.
- Irteera hauek ez dira lehiakorrak eta bertan parte hartzea doakoa da.
- Haurren erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira, hilean behin, igande goizetan.
- Antolatutako irteerek aukera paregabea eskaintzen dute Gipuzkoako mendi eta txoko ezberdinak ezagutzeko.
- Ikasturte hasieratik izena emanda egon behar da irteera hauetara joan ahal izateko.
- Bi aldiz egoera hau gertatzen denean “haurrak nahiz guraso-arduraduak irteerarako izena eman eta ondoren, irteera egunean, aurre-abisurik gabe, irteerara ez agertu”, pertsona horiei ez zaie baimenduko ikasturtean zehar irteera gehiagotara joatea. Eta aurre-abisuak kasuan kasu aztertu eta ebatziko dira.
- Ez da derrigorrezkoa irteera guztietara joatea, aukeratu daitezke.
- Gutxienez 5 irteeratan parte hartu behar da Eibarko Klub Deportiboaren Mendi Taldeak ekaineko Finalista Egunean Arraten banatzen duen domina lortzeko. Adi! Ikasturte honetan Perretxikoak batzera egiten dugun mendi irteerak kontatzen du dominarako baina Eibarko Finalista Egunak ez!
- Irteeretan 5 haur = guraso arduradun 1 ratioa aplikatuko da, eta guraso horiek haurraren ikastetxe berekoak izan beharko dira. Ezinbestekoa izango da guraso arduradun (GA) hori/ek irteerara joatea ikastetxe horretako ikasleak irteerara joan ahal izateko, gainerakoan, ikasle horiek ezin izango dira irteerara joan. Gomendagarria da guraso arduradun horiek mendian federatuta egotea.
- Ikastetxe bakoitzeko guraso-arduradunak (GA) euren artean antolatu beharko dira (adibidez, WhatsApp talde propioa sortu ikastetxeko…) hilabete bakoitzean, 5 haur = 1 guraso arduradun ratioa aplikatuz, irteera bakoitzean nortzuk hartuko duten parte erabaki eta antolatzaileoi jakinarazteko. Aurrez, irteerara zenbat haur apuntatu diren jakinda, guk jakinaraziko diegu guraso taldeei zenbat ordezkari dagokien ikastetxeko.
- Emaila eta WhatsAppa izango dira komunikazio kanal ofizialak familiei bideratutako jakinarazpenak bidaltzeko.
- Ibilaldiak zirkularrak direnean, gurasoei aukera eskainiko zaie, nahi izanez gero, kotxez joateko. Gainerakoan, autobusean, baimendutako guraso-arduradunak bakarrik joan ahal izango dira. (nahiz eta autobusean plaza libreak gelditu)
- Haur guztiak aseguratuta egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez.
- Eskola Mendian ere, lehenengo hitza euskaraz eta ingurumena errespetatu eta zaindu!
ORDUTEGIA
- Irteera: goizeko 8:00etan Egogaineko autobus geltokian elkartu taldeak antolatzeko. Autobusa goizeko 8:15etan irten. Puntualitatea eskatzen da.
- Itzulera: 14:00-14:30ak inguruan (gerta liteke egunen batean zertxobait aurreratzea edo atzeratzea). Dena den, abiatzeko momentuan gurasoen WhatsApp taldean abisatuko dugu, irteera joan ez diren gurasoek geltokira noiz bertaratu jakiteko. Bi geldialdi egingo dira: lehena Urkizun (Zubi Gain taberna parean) eta bigarrena Egogaineko autobus geltokian.
Nola joan eta zer eraman mendira
Mendian ezbeharrik gerta ez dadin, ibilaldi bakoitzari egokitutako neurriak hartu behar dira aurretik. Kirol aldetik, prestatu diren ibilaldiek esfortzua eskatzen dute (edozein kirol jarduerak bezala), baina ez dute zailtasun teknikorik, mendiaz gozatzea dute helburu. Helburu hori duten ikasleei daude zuzenduta ibilaldiok. Mendian jasotako esperientzia da ikasleek jasotzea nahi duguna, hain zuzen. Gauza batzuk argitze aldera, hona hemen aholku batzuk:
Janzkera
Sasoian sasoiko janzkera erabili behar da, hots, eguraldiari dagokiona, beroak nahiz hotzak edo eguzkiak jotzen duenean edo haize indartsua dabilenean arazoak edo lesioak sor daitezke eta. Eguraldia nolakoa, janzkera halakoa.
Zer eraman mendi ibilaldietara
- Aldatzeko arropa. Beste poltsa batean zapatilak, galtzerdiak eta aldatzeko arropa laga autobusean, bustitzen bagara ere.
- Botak, hotzetik eta hezetasunetik babesten dute, orkatilak sendotu eta bihurdurak saihestu egiten dira; zapatila, txapin edo xoki direlakoak ez dira gomendagarriak.
- Jertsea eta zira. Eguraldi ona izan arren, mendian zenbait ordu emango ditugu; beraz, jertsea edo jantzi polarra beharrezkoa izango da, hotz badago, gorputzaren berotasunari eusteko geldialdi edo atsedenaldi luzeetan. Zira ere behar-beharrezkoa da, euria bada edo haizeak gogor jotzen badu.
- Txanoa edo txota (bisera), eguzkia edo hotz handia bada.
- Eskularruak hotzetik babesteko.
- Polainak janztea erabakiz gero, umeei batez ere, komenigarria da etxean jantzita etortzea; izan ere, autobusa geratzen den lekuak edo eguraldiak (euria edo haizea) askotan zailtasunak ekartzen ditu janzten hasteko, eta horrek asko atzeratzen du ibilaldiaren hasiera.
Ura eta janaria
Ibilaldi erdian geldialdia egingo dugu atseden hartu eta indarberritzeko. Janaria ibilaldiaren iraupenaren arabera ekarri behar da. Beharrezkoak izaten dira ura eta ogitartekoa edo fruitu lehorrak, gailetak, opiltxoak, txokolatea, barrita energetikoak eta antzeko jakiak, indargarriak baitira. Ez ahaztu ura.
Motxila edo bizkar-zorroa
Eraman beharreko guztia bizkarrean eraman behar dugu, baina ez nolanahi. Bizkar-zorroaren pisuak ez du izan behar eraman behar duen pertsonaren %10 (ehuneko hamar) baino astunagoa. Arau horren arabera, betiere ikasleen gorpuzkeraren arabera, gazteenek 3 kilo eraman behar lukete gehienez, eta zaharrenek 5. Komenigarria da bizkar-zorroak gerriko modukoa edukitzea, aldaken gainetik lotzeko. Horrela zama orekatuta joango da, pisu guztia ez du bizkarrezurrak jasan beharko eta bizkarreko arazoak ekidin egingo dira.
Ibilaldietako arauei buruzko oharra
Irteeretako antolatzaile eta monitoreen arauak eta aholkuak bete egin behar dira. Norbaitek behin eta berriz betetzen ez baditu, bere burua edo besteena arriskuan jartzen badu, edo ibilaldia aurrera eramateko zailtasunak jartzen baditu, kanporatua izango da.
Guraso arduradun-laguntzaileentzako aholkuak
Ikastetxe bakoitzeko 5 ikasleko = guraso bat joango da ibilaldira arduradun-laguntzaile (GA) moduan. Guraso horiek honako jarraibide hauek eduki beharko dituzte kontuan:
- Autobus geltokian, autobusera sartzerakoan izena eman behar diote umeek arduradunari, “ezingo dira autobusetik irten edo bertara sartu arduradunen baten baimenik barik”.
- Bertaratutako ikasleen zerrenda antolatzaileei pase behar diote autobusak irten aurretik.
- Autobusean berokiak, zirak eta antzekoak eranzteko aginduko zaie umeei, berorik izan ez dezaten, eta zorabiatzen direnei lagundu eta jarlekuetan eserita joanaraziko zaie.
- Ibilaldiari ekiteko gunera heldutakoan bizkar-zorroak hartu eta martxan jartzen lagunduko diete umeei, betiere arduradunen edo antolatzaileen atzetik.
- Kontu berezia izan behar da ume gazteenekin (3. maila, 8 urte) eta mendi ibilaldira lehenengo aldiz joaten direnekin, eurentzat egoera berria izateaz gain, ez baitute euren
- gurasoen laguntzarik izango.
- Euren seme-alaben arduradun moduan ezezik ordezkatzen duten ikastetxeko umeen arduradun gisa ere badoazela gogorarazten zaie guraso arduradun horiei, eta horregatik laguntza eskatzen zaie. Ondorioz, ibilaldi osoan zehar etorritako ikasle guztiak:
- “Kontrolpean” izan behar dituzte. Horretarako, adibidez, gutxienez, irteteko momentuan, hamaiketakoaren geldialdian eta bukaeran kontaketa egitea gomendatzen da.
- Haurren jarrera ona ere bermatu behar da irteerara goazen ingurua ongi zaintzeko.
- Haurrei aldatzeko oinetakoak eta arropa ekartzea gogoratu behar zaie. Irteeraren bukaeran, autobusera igotzean oinetakoak eta arropa garbi egon behar baitira.
- Guraso-arduradun (GA) partaide guztiek beren borondatez eta norbere arduraz parte hartzen dutela ulertzen dute. Horregatik, partaideek eta beren oinordekoek, erantzukizun zibilari dagokionez, antolaketaz arduratzen diren erakunde eta laguntzaileak ez salatzea eta kargu horietatik guztietatik libre uztea onartzen dute. Antolakuntzak parte hartzaile guztiak mendian federatuta egotea gomendatzen du.

