2024-2025eko Haurren Irteeren egutegia

Mendirako zaletasuna bultzatzeko asmoz, 2024-2025 ikasturtean ere, Eibarko ikastetxeetako haurrek aukera izango dute hilean behin mendi irteerez gozatzeko.

Hau da ikasturte honetarako prestatu dugun egutegia:

DATAIbilbidea
Urriak 27Tolosa (Gipuzkoako Eskolarteko Finalistaren Eguna)
Azaroak 17Araotz . Orkatzategi – Araotz
Abenduak 15Flyscha
Urtarrilak 19Untzilla – Murugain – Apotzaga
Otsailak 16Iturriotz – Pagoeta – Urdaneta
Martxoak 16Bergara (Ibilaldi Neurtua)
Apirilak 6Mandubia – Kizkitza – Izazpi – Zumarraga
Maiatzak 11Larraitz – Ausa Gaztelu – Zaldibia
Ekainak 1Eibarko Finalista Eguna

OHAR GARRANTZITSUAK

PARTAIDEAK

  • LHko 3. 4. 5. eta 6. mailako ikasleak+ DBHko ikasleak.
  • Irteera hauek ez dira lehiakorrak eta bertan parte hartzea doakoa da.
  • Haurren erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira, hilean behin, igande goizetan. Irteerek aukera paregabea eskaintzen dute Gipuzkoako mendi eta txoko ezberdinak ezagutzeko.
  • Ikasturte hasieratik izena emanda egon behar da irteera hauetara joan ahal izateko. Ez da derrigorrezkoa irteera guztietara joatea, aukeratu daitezke.
  • Gutxienez 5 irteeratan parte hartu behar da Eibarko Klub Deportiboaren Mendi Taldeak ekaineko Finalista Egunean banatzen duen domina lortzeko. Perretxikoak batzera egiten dugun mendi irteerak eta Eibarko Finalista Egunak berak, ordea, ez dute kontatzen dominarako.
  • 10 haurreko guraso bat hautatu behar da ikastetxe bakoitzean ibilaldira arduradun-laguntzaile moduan joateko (gomendagarria da mendian federatuta egotea). Ikasleak irteerara joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da ikastetxeko arduradun-laguntzailea/k ere irteerara joatea, gainontzean, ikasle horiek ezin izango dira irteerara joan.
  • Gurasoen Whatsapp taldea mantenduko dugu Haurren Mendi Irteera dagoen astean gurasoei notifikazioak bidaltzeko. Adibidez, mendi ibilaldia bukatu eta gutxi gorabehera Eibarrera zein ordutan iritsiko garen jakinarazteko, kontuan hartu beharreko ohar/gogorarazpen mezu laburrak bidaltzeko, etab. Kide berri moduan sartu nahi izanez gero, bidali mugikor zenbakia helbide honetara: eskolamendi@deporeibar.com
  • Irteera egunean autobusean tokia baldin badago, laguntzera joateko prest dauden beste zenbait guraso joan ahalko dira, beti ere, euren ardurapean. (gomendagarria da mendian federatuta egotea).

ORDUTEGIA

  • Irteera: goizeko 8:00etan Egogaineko autobus geltokian elkartu taldeak antolatzeko. Autobusa goizeko 8:15etan irten.
  • Itzulera: 14:00-14:30ak inguruan, baina aurretik gurasoen Whatsapp taldean abisatuko dugu. Bi geldialdi egingo dira: lehena Urkizun (Zubi Gain taberna parean) eta bigarrena Egogaineko autobus geltokian.

*Adi egon irteera bakoitzaren aurretik ikastetxean ematen den informazioarekin. Azken orduko aldaketak egon baitaitezke.

Nola joan eta zer eraman mendira


Mendian ezbeharrik gerta ez dadin, ibilaldi bakoitzari egokitutako neurriak hartu behar dira aurretik. Kirol aldetik, prestatu diren ibilaldiek esfortzua eskatzen dute (edozein kirol jarduerak bezala), baina ez dute zailtasun teknikorik, mendiaz gozatzea dute helburu. Helburu hori duten ikasleei daude zuzenduta ibilaldiok. Mendian jasotako esperientzia da ikasleek jasotzea nahi duguna, hain zuzen. Gauza batzuk argitze aldera, hona hemen aholku batzuk:

Janzkera


Sasoian sasoiko janzkera erabili behar da, hots, eguraldiari dagokiona, beroak nahiz hotzak edo eguzkiak jotzen duenean edo haize indartsua dabilenean arazoak edo lesioak sor daitezke eta. Eguraldia nolakoa, janzkera halakoa.

Zer eraman mendi ibilaldietara

  • Aldatzeko arropa. Beste poltsa batean zapatilak, galtzerdiak eta aldatzeko arropa laga autobusean, bustitzen bagara ere.
  • Botak, hotzetik eta hezetasunetik babesten dute, orkatilak sendotu eta bihurdurak saihestu egiten dira; zapatila, txapin edo xoki direlakoak ez dira gomendagarriak.
  • Jertsea eta zira. Eguraldi ona izan arren, mendian zenbait ordu emango ditugu; beraz, jertsea edo jantzi polarra beharrezkoa izango da, hotz badago, gorputzaren berotasunari eusteko geldialdi edo atsedenaldi luzeetan. Zira ere behar-beharrezkoa da, euria bada edo haizeak gogor jotzen badu.
  • Txanoa edo txota (bisera), eguzkia edo hotz handia bada.
  • Eskularruak hotzetik babesteko.
  • Polainak janztea erabakiz gero, umeei batez ere, komenigarria da etxean jantzita etortzea; izan ere, autobusa geratzen den lekuak edo eguraldiak (euria edo haizea) askotan zailtasunak ekartzen ditu janzten hasteko, eta horrek asko atzeratzen du ibilaldiaren hasiera.

Ura eta janaria


Ibilaldi erdian geldialdia egingo dugu atseden hartu eta indarberritzeko. Janaria ibilaldiaren iraupenaren arabera ekarri behar da. Beharrezkoak izaten dira ura eta ogitartekoa edo fruitu lehorrak, gailetak, opiltxoak, txokolatea, barrita energetikoak eta antzeko jakiak, indargarriak baitira. Ez ahaztu ura.

Motxila edo bizkar-zorroa


Eraman beharreko guztia bizkarrean eraman behar dugu, baina ez nolanahi. Bizkar-zorroaren pisuak ez du izan behar eraman behar duen pertsonaren %10 (ehuneko hamar) baino astunagoa. Arau horren arabera, betiere ikasleen gorpuzkeraren arabera, gazteenek 3 kilo eraman behar lukete gehienez, eta zaharrenek 5. Komenigarria da bizkar-zorroak gerriko modukoa edukitzea, aldaken gainetik lotzeko. Horrela zama orekatuta joango da, pisu guztia ez du bizkarrezurrak jasan beharko eta bizkarreko arazoak ekidin egingo dira.

Ibilaldietako arauei buruzko oharra


Irteeretako antolatzaile eta monitoreen arauak eta aholkuak bete egin behar dira. Norbaitek behin eta berriz betetzen ez baditu, bere burua edo besteena arriskuan jartzen badu, edo ibilaldia aurrera eramateko zailtasunak jartzen baditu, kanporatua izango da.

Guraso arduradun-laguntzaileentzako aholkuak

  • Ikastetxe bakoitzeko hamar ikasleko guraso bat joango da ibilaldira arduradun moduan. Guraso horiek honako jarraibide hauek eduki beharko dituzte kontuan:
  • Autobus geltokian, autobusera sartzerakoan izena eman behar diote umeek arduradunari, “ezingo dira autobusetik irten edo bertara sartu arduradunen baten baimen barik”.
  • Autobusean berokiak, zirak eta antzekoak eranzteko aginduko zaie umeei, berorik izan ez dezaten, zorabiatzen direnei lagundu eta jarlekuetan eserita joanarazi.
  • Ibilaldiari ekiteko gunera heldutakoan bizkar-zorroak hartu eta martxan jartzen lagunduko diete umeei, betiere arduradunen edo antolatzaileen atzetik.
  • Kontu berezia izan behar da ume gazteenekin (3. maila, 8 urte) eta mendi ibilaldira lehenengo aldiz joaten direnekin, eurentzat egoera berria izateaz gain, ez baitute euren gurasoen laguntzarik izango.
  • Azkenik, euren seme-alaben arduradun moduan ezezik ordezkatzen duten ikastetxeko umeen arduradun gisa ere badoazela gogorarazi guraso horiei, eta horregatik laguntza eskatzen zaie.