ESKERRIK ASKO! Ez zaigu hitz hoberik bururatzen larunbatean ikusi eta jaso genuenari erantzuna emateko. Eskerrik asko modu batean edo bestean, luzeago ala motzago, itzulia egitera animatu zineten ia 500 parte hartzaileoi, zuei esker, Eibarko itzuliak marka berri bat ezarri baitu inoizko parte-hartzerik jendetsuenarekin.
Herritarroz gain, hainbat eta hainbat izan zineten kanpotik gurera etorri zinetenak, bai Gipuzkoa osotik (Elgoibar, Urretxu edo Tolosa esaterako) eta baita Gipuzkoatik kanpokoak ere (Ermua, Markina-Xemein, Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Santander, eta beste hainbat eta hainbat txokotatik).
Zuei guztioi esker inguruko mendietan marea gorri bat osatzea lortu genuen, eta benetan ederra izan zen.
Uneoro izan zenuten jarrera bikaina eskertu nahi dizuegu, bai ibilbidean zehar, bai anoa postuetan eta baita bukaeran egoitzako tabernan ere. Jakin badakigu, beroaren ondorioz ez zela mendian ibiltzeko egunik onenetakoa izan, baina hor ere jarrera bikaina erakutsi zenuten.
Jakingo duzuenez, horrelako egun baten antolaketak lan asko dakar bai aurretik, egunean zehar nola ez, eta baita ondoren ere, eta ziur gaude guzti hau ez litzatekeela posible izango inguruan dauzkagun boluntarioen laguntzarik gabe.
Eskerrik asko zuen lanabesa eta denbora eskeiniz bideak zabaldu eta garbitzen lagundu diguzuenoi, buruan genituen berrikuntzak gauzatzea posible egin duzuelako. Eskerrak baita ere prestutasun osoz zuen etxea den “Gure Basetxea” eta inguruak erabiltzeko baimena eman digun taldeari, eta nola ez, anoa postuetan hainbat orduz zuen laguntza eman duzuen guztioi ere. Eskerrik asko anoa postuak betetzeko lan egin duzuen guztioi, bai janari eta saldaren prestaketan eta baita beharrezko garraio eta baliabideak eskeintzearren ere. Eta nola ez, eskerrik asko kamiseten salmentan txandak betetzera etorri zaretenoi ere.
Modu batean edo bestean asko izan zarete azken asteotan zuen laguntza eskeini diguzuenak, eta goian aipaturikoez gain, zuei guztioi ere gure esker ona adierazi nahi dizuegu.
Lerro hauek aprobetxatuz gogorarazi nahi dizuegu oraindik ere itzuliko kamiseta batzuk geratzen direla, eta agortu arte klubean bertan izango dituzuela salgai.
Bukatzeko, oroigarri gisa, azpiko loturan egunean zehar atera genituen argazki eta bideo desberdinak aurkituko dituzue.
2 urte barru elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazue agur bero bat,
Eibarko itzuliko antolakuntza taldea