2023-2024ko Haurren Irteeren egutegia

Mendirako zaletasuna bultzatzeko asmoz, 2023-2024 ikasturtean ere, Eibarko ikastetxeetako ikasleek aukera izango dute mendi irteerez gozatzeko.

Hau da ikasturte honetarako prestatu dugun egutegia:

DATAIBILBIDEA
Urriak 15Ordizia (Eskolarteko Finalistaren Eguna)
Azaroak 19Lizarrusti – Sarastarri – Ataun
Abenduak 17Orio – Zumaia
Urtarrilak 21Leintz Gatzaga – Aitzorrotz – Eskoriatza
Otsailak 18Donostia – La Plata itsasargia – Pasaia
Martxoak 3Ibilaldi Neurtua
Apirilak 21Madarixa – Kakueta – Xoxote – Azpeitia
Maiatzak 12Elosua – Irimo – Zumarraga
Ekainak 2Eibarko Finalista Eguna

Oharrak

Partaideak

  • Lehen Hezkuntzako 3. 4. 5. eta 6. mailakoei eta DBHko ikasleei irekia. Irteera hauek ez dira lehiakorrak eta bertan parte hartzea doakoa da.
  • Irteerak haurren erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira, hilean behin, igandetan. Gipuzkoako mendi eta txoko desberdinak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
  • Ikasturte hasieratik izena emanda egon behar da irteera hauetara joan ahal izateko. Ez da derrigorrezkoa irteera guztietara joatea, aukeratu daitezke.
  • Gutxienez 5 irteeratan parte hartu behar da Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldeak ekaineko Finalista Egunean banatzen duen domina lortzeko. Eibarko Finalista Egunak, ordea, ez du kontatzen dominarako.
  • Ikastetxe bakoitzean 10 ikasleko guraso bat hautatu beharko da ibilaldira arduradun-laguntzaile moduan joateko (gomendagarria da mendian federatuta egotea). Ikasleak irteerara joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da arduradun-laguntzailea/k ere irteerara joatea, gainontzean, ikasle horiek ezin izango dira irteerara joan.
  • Irteera egunean autobusean tokia baldin badago, laguntzera joateko prest dauden beste zenbait guraso joan ahalko dira, beti ere, euren ardurapean. (gomendagarria da mendian federatuta egotea).

Ordutegia

  • Irteera: goizeko 8:00etan Ego-gaineko autobus geltokian elkartu taldeak antolatzeko. Autobusa goizeko 8:15etan irten.
  • Itzulera: 14:00-14:30ak inguruan, geldialdia eginez Urkizun (Zubi Gain taberna parean) eta Ego Gaineko autobus geltokian.

* Adi egon irteera bakoitzaren aurretik ikastetxean ematen den informazioarekin. Azken orduko aldaketak egon baitaitezke.

Izen-ematea eta epea

  • 2023-2024 ikasturteko mendi irteeretarako izena eman duten haurren behin betiko zerrenda postaz bidali beharko diguzue, beranduenez, urriko lehenengo asterako.
  • 2023-2024 ikasturteko mendi irteeretarako izena eman duten haurren behin betiko zerrenda eta irteeren egutegia Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola Kirolaren aplikazioan sartu behar dituzue, beranduenez, urriaren 15erako, partaide bakoitzarentzat asegurua tramitatu ahal izateko.
  • Irteera bakoitzaren aurretik, ikasleek ikastetxean bertan eman beharko dute izena. Informazio hori postaz bidali beharko diguzue, beranduenez, irteera dagoen asteko asteazkenerako.

Nola joan eta zer eraman mendira

Mendian ezbeharrik gerta ez dadin, ibilaldi bakoitzari egokitutako neurriak hartu behar dira aurretik.

Kirol aldetik, prestatu diren ibilaldiek esfortzua eskatzen dute (edozein kirol jarduerak bezala), baina ez dute zailtasun teknikorik, mendiaz gozatzea dute helburu. Helburu hori duten ikasleei daude zuzenduta ibilaldiok. Mendian jasotako esperientzia da ikasleek jasotzea nahi duguna, hain zuzen. Gauza batzuk argitze aldera, hona hemen aholku batzuk:

Janzkera

Sasoian sasoiko janzkera erabili behar da, hots, eguraldiari dagokiona, beroak nahiz hotzak edo eguzkiak jotzen duenean edo haize indartsua dabilenean arazoak edo lesioak sor daitezke eta. Eguraldia nolakoa, janzkera halakoa.

Zer eraman mendi ibilaldietara

  • Aldatzeko arropa. Beste poltsa batean zapatilak, galtzerdiak eta aldatzeko arropa laga autobusean, bustitzen bagara ere.
  • Botak, hotzetik eta hezetasunetik babesten dute, orkatilak sendotu eta bihurdurak saihestu egiten dira; zapatila, txapin edo xoki direlakoak ez dira gomendagarriak.
  • Jertsea eta zira. Eguraldi ona izan arren, mendian zenbait ordu emango ditugu; beraz, jertsea edo jantzi polarra beharrezkoa izango da, hotz badago, gorputzaren berotasunari eusteko geldialdi edo atsedenaldi luzeetan. Zira ere behar-beharrezkoa da, euria bada edo haizeak gogor jotzen badu.
  • Txanoa edo txota (bisera), eguzkia edo hotz handia bada.
  • Eskularruak hotzetik babesteko.
  • Polainak janztea erabakiz gero, umeei batez ere, komenigarria da etxean jantzita etortzea; izan ere, autobusa geratzen den lekuak edo eguraldiak (euria edo haizea) askotan zailtasunak ekartzen ditu janzten hasteko, eta horrek asko atzeratzen du ibilaldiaren hasiera.

Ura eta janaria

Ibilaldi erdian g eldialdia egingo dugu atseden hartu eta indarberritzeko. Janaria ibilaldiaren iraupenaren arabera ekarri behar da. Beharrezkoak izaten dira ura eta ogitartekoa edo fruitulehorrak, gailetak, opiltxoak, txokolatea, barrita energetikoak eta antzeko jakiak, indargarriak baitira. Ez ahaztu ura.

Motxila edo bizkar-zorroa

Eraman beharreko guztia bizkarrean eraman behar dugu, baina ez nolanahi. Bizkar-zorroaren pisuak ez du izan behar eraman behar duen pertsonaren %10 (ehuneko hamar) baino astunagoa. Arau horren arabera, betiere ikasleen gorpuzkeraren arabera, gazteenek 3 kilo eraman behar lukete gehienez, eta zaharrenek 5. Komenigarria da bizkar-zorroak gerriko modukoa edukitzea, aldaken gainetik lotzeko. Horrela zama orekatuta joango da, pisu guztia ez du bizkarrezurrak jasan beharko eta bizkarreko arazoak ekidin egingo dira.

Ibilaldietako arauei buruzko oharra

Irteeretako antolatzaile eta monitoreen arauak eta aholkuak bete egin behar dira. Norbaitek behin eta berriz betetzen ez baditu, bere burua edo besteena arriskuan jartzen badu, edo ibilaldia aurrera eramateko zailtasunak jartzen baditu, kanporatua izango da.

Guraso arduradun-laguntzaileentzako aholkuak

Ikastetxe bakoitzeko hamar ikasleko guraso bat joango da ibilaldira arduradun moduan. Guraso horiek honako jarraibide hauek eduki beharko dituzte kontuan:

  • Autobus geltokian, autobusera sartzerakoan izena eman behar diote umeek arduradunari, “ezingo dira autobusetik irten edo bertara sartu arduradunen baten baimen barik”.
  • Autobusean berokiak, zirak eta antzekoak eranzteko aginduko zaie umeei, berorik izan ez dezaten, zorabiatzen direnei lagundu eta jarlekuetan eserita joanarazi.
  • Ibilaldiari ekiteko gunera heldutakoan bizkar-zorroak hartu eta martxan jartzen lagunduko diete umeei, betiere arduradunen edo antolatzaileen atzetik.
  • Kontu berezia izan behar da ume gazteenekin (3. maila, 8 urte) eta mendi ibilaldira lehenengo aldiz joaten direnekin, eurentzat egoera berria izateaz gain, ez baitute euren gurasoen laguntzarik izango.
  • Azkenik, euren seme-alaben arduradun moduan ezezik ordezkatzen duten ikastetxeko umeen arduradun gisa ere badoazela gogorarazi guraso horiei, eta horregatik laguntza eskatzen zaie.

Edozein zalantza izanez gero edo argibide gehiagorako, jarri gurekin harremanetan:

eskolamendi@deporeibar.com

Iban Arriola eta Jon Aristi