Eibarko Itzulian parte hartu zenuten 350 lagun ingururi gure eskerrik beroena eman nahi diegu bi urtean behin antolatzen dugun itzuli honetan parte hartzeagatik. Hasiera-hasieratik jendearen parte hartzeko gogoa ikusi genuen, batetik kalean jendeak itzuliari buruz egiten zizkigun “aurten antolatuko duzue?” erako galderak, ondoren kamisetan salmentak izan zuen harrera ona, eta azkenean larunbat goizean klubaren aurrean bildu zen jendetza. Zoragarria izan zen!
Martxaren jardun guztian, anoa postuetan eta ondoren klubaren tabernan guztiok izan zenuten jarrera on eta positiboa eskertu nahi dugu.
Eskerrak ere itzulia prestatzen lagundu diguzuenoi, anoa postuetarako janari-edariak prestatu eta zerbitzatzen lagundu diguzuenoi, eta baita zuen burua laguntzeko eskaini duzuen guztioi ere.
Euskal Herri osoko partehartzaileak izan ditugu, eskerrik asko, batzuk aipatzearren, Gasteiz, Markina, Mutriku, Santurtzi, Barakaldo edo Elgoibartik etorri zareten guztioi.
Barkamen eskaera bat ere luzatu beharrean gara: aurreikuspen guztiak gainditu ziren eta Asurtzako anoa postuan janari eta edari guztia agortu egin zitzaigun eta parte-hartzaile asko ezer gabe gelditu ziren.
Gogoratu, itzuliko kamiseta erreserbatu zenuten guztiok klubean duzue zuen kamiseta, eta oraindik kamiseta apur batzuk ere geratzen dira eta salgai daude klubean.
Eskerrik asko berriz guztioi eta 2023an ikusiko dugu elkar berriro!
Hemen dituzue Itzuliko parte-hartzaile batzuk ateratako argazki eta bideoak.
Utzi erantzuna