Aietxu – ERREMENDIA (1.388m) – Jaurrieta

Urraul Gaineko udalari dagokion Aietxu herri bakartitik irtengo gara. Herriaren gaineko aldean hasiko gara gure zeharkaldia pista bati jarraituz, hain zuzen, ekarri gaituen errepidearen jarraipena dena. Irten eta denbora gutxira desbideraketa bat aurkituko dugu. Berari segituz Txindargainatik beherantz datorren hegoekialdeko malda igoko dugu. Berehalakoan ikusmira ederra izando dugu Arizgaina aldera. Ezkerrerantz Borrotxulo (1259 m.), erdi aldean aipaturiko Arizgaina (1246 m.), eta guztiz eskuinerantz Errasa izeneko haitza (1168 m.). Bideak ez du galtzerik. Ordu erdiko ibilbidea egin ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara, guk artez Txindargainako gailurrera zuzen doan aurreko bidea hartuko dugu, eskuinekoa, aldiz, maldaz malda doa harik eta Aietxutik Elkoazeko muinora doan pistan amaitzen den arte, ezkerrekoak azkenik,Potxeko gain labartsura jotzen du. Aukeratu dugun zidorrak zenbaitetan erdi galdua dirudi eta nahikoa nekez egiten du gorantz, beti ere apur bat eskuinerantz jotzen duela. Gorantzakoan belarrez estalitako pista bat zeharkatuko dugu, baina hari jaramon egin gabe gureari jarraituko diogu. Bide honetatik hogei minutuko igoera burutu ondoren, -50 Aietxutik- Txindargainako gailurrerako maldara helduko gara (1082 m.). Gailurra berez gora iristean gure ezkerrera geratzen diren zuhaitzen artean dago. Jarraian, gure zeharkaldia eskuinetik segituko dugu aurkitzen garen malda guztian zehar doan pista zabal bati lotuz. Hain zuzen, Meakako mendatera doan berbera (1184 m.) eta, Borrotxulo eta Arizgaina banatzen dituen huraxe. Aurrez aurre Burunzelairen tontorrak (1184 m.) osatzen duen konkorra daukagu. Berori erreferentziatzat hartuko dugu bai baitakigu bere ezkerreko aldetik inguratu behar dugula. Laster bidegurutze batera iritsiko gara. Pista zabal batek konkorraren eskuin aldetik beherantz egiten du. Ez dugu baina hartuko, Aietxu eta Elkoazeko muinoa lotzen dituen jaisten baita hura ere. Gure ibilbidea (ezkerrekoa), zabala da eta, gainera, pagadi atsegin baten barrena doa aldi batez. Txindargainako gailurrerako maldara iritsi eta handik 20 minutu inguru geroago beste bidegurutze bat agertuko zaigu. Ezkerreko bidea zuzen doa Meakako mendaterantz, baina nola Raja izeneko haitza bisitatu nahi dugun, gorantz doan eskuinekoa hautatuko dugu. Bost minutu ere ez dugu beharko soilgune batera irten eta Larraun haranaren ikuskizun ederraz gozatzeko. Begi bistan dugu Aietxu. Hain zuzen, Arizgaina Burunzelaitik banatzen duen muino txikian aurkitzen gara. Gure ezkerretara nabaritzen dugu Errasako haitzean gaudela. Bidea oso zabala eta argia da. Laster bidegurutze batera helduko gara. Ezkerreko bideak Meakako mendatera jotzen du, duela gutxi utzi dugunarekin bat egiten duela. Gero hartuko dugu Arizgainara igotzeko. Eskuineko bidea jaitsi egiten da apur bat Errasa haitzerantz garamatzala. Aurreko muinotik Errasa gainerako mendiarekin lotzen duen muino belartsua 15en bat minututan iritsiko dugu. Ezpel artean zidor bat topatu beharko dugu gailurrera heltzeko. Oharra: lapiatza dago eta tontorrerako bidea ez da horren nabaria. Berriro ere atzera egin behar dugu aurreko desbideraketa hartzeko zeinek halako batean Meakako mendatera eramango gaituen (1184 m.): 20 minutu Errasatik eta 15 Burunzelaitik banatzen gaituen muinotik (Errasara joan izan ez bagina). Gure ezkerraldean Borrotxulora eramango gintuzkeen bidea dago. Eskuinaldetik, ostera, 10 minutu barrena, Arizgaina erpinerako haitzertzera eramango gaituen bidea dator. Behin mendi ertzean gaudela eskuinera hartuko dugu Arizgainako tontorrera iristeko. Hain zuzen, gailurrerako haitzertzera irten garen lekuan jaiotza polit bat dago, zeinek gainera, goitik beherako bidea hartzeko erreferentzia emango digun. Berriro ere Meakako mendatean gaude. Oso bertan ere daukagun Borrotxulo beste baterako utziko dugu.

Eskaileratxoa pasatu eta sakonuneari jarraitzen dion bide batetik jaitsiko gara; handik laster belarrezko pista batera irtengo gara. Hura gure ezkerretik hartu (eskuin aldetik Errasako haitzetiko muinotik dator pista, Arizgaina bere ekialdeko lepotik). Ia berehalakoan (10 minutu baino zerbait gehiago Meakako mendatetik), pista zabalago batera irtengo gara. Gure ezkerretik hartuko dugu Elkoaz izeneko muino sorgindura iristen garela (1137 m.). Ordu erdi bat behar dugu pistari jarraitu eta bihurgune oso itxi batera heltzeko, zeina gure ezkerraldean dagoen iturri baten ondoan kokatzen baita. Bertan, hain zuzen, gure eskuinetik agertuko zaigun bidetik desbideratuko gara, eta, aurki Borrokoskoko mendatera iritsiko gara (1261 m.) Zelaiak eskuinetik inguratzen duen bidea hartuko dugu. Bertatik zuzen zuzenean pinu eta pagodun baso baten sarrerara joko dugu. Aipaturiko basoan murgilduko gara, eta, lehenengo atea –ez gorria- zeharkatuko dugu, izan ere, orain bertatik gorantz doan alanbreari segituko diogu, beti ere hura gure eskuinetik eramanez, harik eta haitzertzera helduko garen arte. Haitzertz honi 20 minututan jarraituz belargune batera iritsiko gara non Erremendia tontorra zapalduko dugun (1386 m.). Igoeran ekarri dugun bidetik berriro ere Borrokoskoko mendatera jaitsiko gara (1261 m.). Mendate honetatik eta aldats xut bati jarraituz beti ere muga alanbretik gertu goiko gailurrak iritsiko ditugu non soilgune handi bat aurkituko dugun. Orduan ezkerretik hartuz eta berriro ere alanbreari segituz Borroskoko tontorrera helduko gara (1406 m.). Alanbrada zeharkatu eta, pagadi ederrean zehar lorrats gutxiko bide zidorrean barrena jarraituz, belarrezko sakongune batera joko dugu non aska bat topatuko dugun bertan, baita handik hurbil ur zulo bat eta pista bat. Pistari jarraituz bakanduriko pinu eremu batera joko dugu zuzenean non solasaldirako gune bat dagoen. Hemendik daramagun norabidean segituko dugu aspaldiko loraldiaren azken arrastoa den Erremendiako antzinako patata hornitegira iritsiz. Erremendia gainetik datorren errepideari jarraituko diogu orain eta, kilometro inguru ibili ondoren, errepide ondoan borda bat begiztatuko dugu (Jilco borda). Borda honetatik eta ekialderantz ateratzen den bidea hartuko dugu Santa Agueda baselizaren hondakinetara heltzen garela (1187 m.). Hemendik begi bistan dugu Eaurtako herria. Behin iritsi garelarik bertara iparralderantz joko dugu pista batera iritsiz eta, gero, iparekialderantz alanbre batera iritsi arte.

Pasagune hau zeharkatu eta zelai bat gurutzatuz (Mategia izenez ezagutzen den ingurua), pinuak nagusi diren baso batean sartuko gara. Baso hura zeharkatu eta ia berehala, gure ezkerretik belardi batera jaisten den bide bat ikusiko dugu, hura hartu (harripila eroriak bertan), eta hura zeharkatu ondoren, beraren azkenean ikusiko dugu nola beste bide zabal bat ateratzen den zeinek zenbait siga-sagaren ondoren beste alanbrada batera garamatzan; hura zeharkatu eta pabeloi batetik pasatu eta gero errekatxo bat igaroko dugu zeinek pista batera aterako gaituen. Gure ezkerretik hartuko dugu hura, eta, beste pabiloi batzuetatik pasatu ondoren Saraitsu haraneko herria den Eaurtara iritsiko gara.

TRACK ETA WPT Descargar el archivo

Alberto Gordoa 2010-10-06


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude