Usun – Castellar (1285m.) – Yesa

 

                    Usun – Castellar (1285m.)- Yesa

Usungo herrixkan hasiko dugu ibilaldia, ekialderuntz eta aldats behera doan pista batetik jaitsiz. Arbayungo arroileruntz goazela, ezkerretara utziko ditugu hilerria eta zalditegi bat. Pista amaitzean, behera jarraituko dugu markatutako zidor batetik, Zaraitzu ibaia zeharkatzen duen zubira heldu arte.

Metro batzuk aurrerago, bidegurutze bat aurkituko dugu. Hemen nahi duenak eskumako bidetik San Pedroren baseliza bisita dezake(300bat metrotara dago); baina gure bidea ezkerretik goruntz doa. Aldapa gogor baina labur bat igo ondoren estalitako ubide batera helduko gara. Ubide honen gainetik edo albotik pare bat kilometro ibiliko gara Zaraitzu ibaia behean dugularik gure ezkerretara. Une batzuetan bidea nahikoa estua da, eta ezkerretan dugun amildegia ikusgarria.

Burdinezko tapa duen arketa handi batera heltzean, eskumara doan bidea hartu behar dugu, Valdelaco arroilean gora. Hasieran zidorra da, baina laster zabaltzen da, eta galbiderik gabe bertatik igoko gara errepide estu batera iritsi arte. Hau ezkerretara hartuko dugu, eta bidegurutze batera heltzean, eskumatik goruntz egingo dugu.

Asfaltoa bukatu, eta harrizko pista bihurtzen den lekuan, Erronkariko artzaien bidea aurkituko dugu. GRa denez, marra zuri gorriz markatuta dago, eta Leirera doa. Gu bertatik joango gara eskumatara hartuz. Bide gozagarri honetatik, La Cerradako lepora iritsiko gara.

Bide hori beheruntz jarraitu ezkero, Leirera joango ginateke zuzenean, baina guk eskumatara (mendebalaldera) marra arrosaz markatutako bidezidorra hartuko dugu. Basotik igoz gain lepo batera helduko gara. Metro gutxitara ezkerretara Catellar mendi tontorra dugu. Haruntz joango gara bista zoragarriaz gozatzeko. 

Berriro lepotxora itzuli, eta mendebalderuntz jarraituko dugu lehengo zidorra arretaz jarraituz. Txarrantxa bat prestatutako pasabide batetik gainditu ondoren, lepo batera helduko gara. Aurreko maldan zuhaitz batean ARAN idatzita ikusiko dugu. Leku honetan, ekarri dugun zidorra utzi, eta ezkerretik beheruntz doan beste bat hartuko dugu. Azkar jaitsiko dugu altuera, zidorrak norabidea guztiz aldatzen duen lekuraino. Merezi du aurrean dugun muinotxora igotea (hegoaldera) bere eskumatara dagoen Leireko Atzamarra ondo ikusteko.

Berriro zidorrera itzuli, eta jaisten jarraituko dugu, lehen La Cerradako lepoan utzi dugun bidea berriro aurkitu arte. Gero hura hartuz beheruntz jarraituko dugu lasterbideetatik Leireko santutegira iritsi arte. 

Hemendik errepidez jaitsi baharko dugu kilometro t´erdi inguru. Ezkerretara burdinezko ateak dituzten bi bide utziko ditugu, eta aurrerago ezkerretara hau ere, lur sail zabal eta lau bat topatuko dugu. Honen hegoaldean bide bat dago, eta haren bila joango gara. Berari jarraituz muinoari itzulia emanez Esa aldera hartuko dugu. Beti ere bide nagusia jarraituz laster ikusiko dugu herria behean. Pare bat ur biltegiren albotik pasa eta herriko sarrerara iritsiko gara. Errepide berria egiten ari direnez, eliza erreferente bezala hartu, eta biderik egokiena bilatuz, bertara helduko gara ibilaldia amaituz.

 Descargar el Track en .gpx 

 

Descargar La salida en formato .pdf

Dejar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *