Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Javi, Moya, Fernando, Treviño, Josetxo, Arrate, Antón eta Andoni.
Autoak: Iñaxio, Julian eta Javi
Proposatutako ibilbidea Txindoki mendiari bira bat egitea da, baina Uzkuiti tontorretik igaroz.
Larraitzetik hasi gara oinez (8:45), Txindokirako ondo markatuta dagoen bide normala hartuz. Egun argia eta haizetsu daukagu. Igoera leun baina etengabean erraz iritsi gara Oriako iturrira (9:35). Aste Santua izanik, jende asko dabil bidean.
Pixka bat aurrerago, bidearen malda areagotzen da eta siga-sagan Zirigarateko zelaietara igo gara, han, ezkerrera jo behar da, Txindokirako seinaleri kasu eginez. Ezkerrean ikusiko ditugu Zirigarateko txabolak eta pixka bat gorago, Txindokirako bideak ezkerrera (Egurral leporantz) egiten duen tokian, hau utzi, eta aurrera jarraitu dugu, eskumara zerbait biratuz (10:15). Momentu honetan Txindoki daukagu gure ezkerrean eta Auntzizegi mendiaren harkaitzak gure eskuman.
Uzkuiti, gure helburua, zuzen daukagu eki aldean, baina zirkular-erdi formako ibilaldi bat egingo dugu gure eskuinetik, Auntzizegi eta Arrubigañako hegaletatik zehar, altura ez galtzearren gure helbururako hurbiltzeko bidean. Aokira (1.317 m.) igo gara Uzkuiti (1.328 m.) (11:05) tontorrera iritsi aurretik. Taldeko batzuk, Auntzizegi eta Arrubigañako gailurretik pasatu dira ibilbidea aprobetxatuz.
Hego aldeko haize hotz eta bortitzak tontorrean egotea zailtzen duenez, ipar aldeko magalean denok elkartu gara haizetik babesturik.
Jaitsiera mendebalderantz egin dugu zelaietatik zehar, laster jaitsiera oso pikoa bihurtuko da, gure ezkerrean dagoen Muitze errekara jaisteko. Behin errekan, bere ondotik doan bidezidorretik segitu dugu jaisten. Bidea argia da, eta Txindoki beti gure ezkerrean dugula, Amezketa eta Goierri aldera panoramika ederrekin, antena batera iritsi gara. Antena pasa eta pixka bat aurrerago, pista utzi eta eskumara egin dugu belardietatik zuzen beherantz eginez Larraitzera jaisteko (12:55).
Haize zakarrak asko mugatu arren, zeharkaldi ederra izan da gaur egin duguna.
Larraitzen bertan bazkaldu dugu, Larraitz Gain jatetxean. Menua 13 €koa da, baina gaur bezalako astegun berezietan (Aste Santua) 15 €koa, kafea barne, ardo arruntekin eta paperezko mantela eta ezpainzapiekin. Ondo jan dugun arren, kalitate/preziaren erlazioa, garestia iruditu zaigu.