Lurraldea Bizkaia
Mendikatea Mendigisa (Gorbeia)
Altuera 770 m.
Kokapena 43.13707,-2.90727
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2017-01-31
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Zeberio (Zubialde)
Ibilbidearen helmuga Zeberio (Zubialde)
Denbora igotzen 2:30 h.
Denbora guztira 4:30 h.
Distantzia 16 km.
Igoera desnibela 1018 m.
Jeitsiera desnibela 1018 m.

Untzueta

  • Eibartik irteera: 8etan
  • Parte-hartzaileak: Roberto, Pintado, Andoni, Iñaxio, Ángel, Julian.
  • Autoak: Roberto, Iñaxio.

8etan Eibartik irten eta A-8a hartu dugu Zornotzarantz, handik Arratia bailara aldera eta Arteagara ailegatutakoan eskumara jo dugu Zeberiora (Zubialde) iristeko.

9:00etan hasi gara oinez udaletxeko eskuman dagoen zubitik Zeberio erreka gurutzatuz, berehala Untzuetarako bidea markatzen dituzten marra zuriak ikusi ditugu. Marra hauei jarraituz ekin diogu igoerari bide zabal batetik.

Ordubete pasatxo daramagunean ibiltzen (10:05), bide gurutze baten seinale-tantai batekin topo egin dugu, berak adierazten digu Zubialdetik 3.800 metro ibili garela eta beste 3.500 falta direla Untzuetarako. Puntu honetan, dakargun bidea utzi eta ezkerretara jo dugu, Arrugaetako Atxa igo nahi dugulako Untzuetara joan baino lehenago. Laster, bost minutura, eskumara egin behar dugu mendi bizkar ondotik jarraitzeko, berehala iritsiko gara lepo batera, hemendik garbi ikusten dira tontorreko haitzak, Arrugaetako Atxa (669 m) (10:20).

Nahiz eta toki asko ez egon tontorrean, paisaiekin gozotzeko aukera daukagu, gure parean Gorbeia mendia, sasoi honetarako elur gutxi daukala pentsatu dugu. Mendebalde aldera Untzueta dakusagu bere izugarrizko antenekin eta bertara joateko pasa behar dugun mendi lerroa.

Etorri garen lepora jaitsi (10:27) eta hemen Ipar-mendebaldera hartu dugu, mendi bizkarrari jarraituz, gero eskuma aldera jaitsi eta laster lehenago Untzuetara genekarren bidearekin bat egin dugu. Berriz marra zuriei segituz mendikate gainetik abiatu gara, Axpuru mendi-muino gure eskuman utzi eta lepo batera jaitsi ondoren haitzetan sartu gara azken igoerari ekiteko harrizko gailurretik, Untzueta (770 m) (11:30). Mendi ederra igotzeko, baina, tontorrean dagoen antenak paisai guztiz zapuzten du. Bertan dauzkagu, ere, XI/XII mendeko gazteluaren aztarnak.

Eguraldi ona daukagu ibiltzeko baina haizea dabilenez hotz-sentsazioa handia da. Haizetik babestuta zerbait jan-edateko, etorri garen bidetik jaitsi gara, eta haitzak bukatu ostean, dagoen lepoan gelditu gara. Bideari jarraituz berrekiten diogu txangoari, orain bide zabal batetik suabe igotzen, Axpuru mendi-muinora ailegatzen ari garela gure ezkerretara zuzen behera doan bide aldapatsu bat ikusi eta bertatik behera jo dugu (12:08). Bide pikoari jarraituz basoan sartu gara eta bide gurutze batera iritsi, ekarri dugun norabidea mantendu eta mendi bizkarretik jarraitu behar da, bai ezkerretara, bai eskumara doazen bideei muzin eginez. Mendi bizkarra bukatzear dagoela, behean, baserriak ikusiko ditugu, bertara jo behar da, zuzen edo ezkerretik bideari jarraituz. Behin baserrietan , segi bideari errepidera ailegatu arte, Arkulanda auzoan gaude. Orain errepidea hartu eskumarantz eta bi kilometro pasatxo egin ostean Zeberion gaude (13:30).

Udaletxe ostean dagoen Herriko tabernara abiatu gara bazkaltzera. Menua 10 €tan dago, aldea dago plater batetik bestera baina orokorrean ondo jaten da eta zerbitzua ona da. Ardoa korrientea denez gorri nafarra eskatu dugu, eta kafeekin eta patxaranekin 14 €tan jarri da kontua. Gustura irten dugu.

Powered by Wikiloc