SARRERA:
Irailaren 21ean goizeko 7etan irten gara Eibartik Izabara joateko. Hiru mendi-jardunaldi ditugu pentsatuta, igoera hauek helburu ditugula: Chinebral de Gamueta, Ukerdi eta Ralla de Alano.
Julianek, Escuderok, Moyak, Garatek, Antonek, Javik, Fernandok, Iñaxiok, Angelek, Pintadok, Arratek eta Andonik osatzen dugu taldea. Autoak, Escuderok, Angelek eta Andonik daramate.
Andoni eta Angel hilaren 22an Iturruburura (1582 m.) igo ziren eta 23an Iñaxio gehitu zitzaien Abizondora (1673 m.) joateko.
Lizarriturrik bi egun egin ditu gurekin, baina, beti bezala, bera plan darama.
Mendi guztiak Anso haranetik igotzera goaz, hala ere, ostatu Izabako Txikin hartu dugu. Tratu eta zerbitzua oso ona jaso dugu. Ostatua,logelak bikoitzak hartuta eta pentsio erdian, 42€tan ateratzen da pertsonako.
Izabak, astegunetan behintzat, desertuko irudia ematen du, apenas bertako jende kaleetan, genbiltzan bakanak kanpotarrak ginen.
Ukerdi (2.252 m.) 2021/09/22
Linzako aterpetik irteera: 8:30tan
Izabako Txiki ostatuan gosaldu eta Linzako aterpera jo dugu bertatik oinez hasteko, 8:30ak dira. Pintura zuri-gorriz markatutako bidetik egin dugu gorantz Linzako lepora aldera (10:00). Hemen, ezker aldera, pintura berdinei jarraituz, Hoya de la Solanatik igaro, eta aurrerago “Hoya del portillo de Larra”ra helduko gara, mugarri handi batek markatzen du puntua (10.52).
Hiru Erregeen Mahairako bideak eskumara jotzen du tokian , guk ezkerrera egin dugu eta mendi-magalean (Ipar-mendebalde) erditik joanda Budogiasetik datorren gandorraren bila jo dugu. Behin gandorrean, eskumara egin (Ipar-Ekialde), lepo batetik pasa eta norabidea eutsita Larrako atakara iritsi gara (11:31). Gure helburua ezkerretara dago, eta, igoera labur eta erraz baten ondoren, tontorrera ailegatu gara, Ukerdi (2252 m.) (11:41). Eguraldi bikaina dugu, Hiru Erregen Mahaia, Pene Blanque, Auñamendi eta abar luze bat gure pare-parean.
Zerbait jan-edan ondoren etorri garen lekutik ekin diogu jaitsierari. Behin Hoya de la Solanara heldu garenean, eskumara egin dugu La Paquizako leporantz, Linzako lepotik inguratzea saihesteko, horrela zuzenean Linzako atarpera doan bidera jaisteko (14:22).
Bazkaria Zurizako kanpinean daukagu enkargatuta. Menu eta zerbitzu onak , 13 €tan, Somontanoko ardoekin, patxaranak ez digu kobratu.















