Lurraldea Gipuzkoa
Mendikatea Aralar
Altuera 1342 m.
Kokapena 43.02274,-2.08842
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Larrunarri, Ñañarri
Ibilbidea egindako eguna 2015-01-14
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Larraitz
Ibilbidearen helmuga Larraitz
Denbora igotzen 3:05 h.
Denbora guztira 4:45 h.
Distantzia 13,6 km.
Igoera desnibela 1160 m.
Jeitsiera desnibela 1160 m.

Txindoki

Goizeko 8etan elkartu gara Angelen garaje parean bere autoan goazelako, Julian, Pintado eta Andoni. Gaur ere eguraldi garbiarekin abiatu gara eta horrela mantenduko da egun guztian.

Larrunarri omen da Txindokin berezko izena, baina urte asko dira ia denok Txindoki deitzen diogula. Larraitzen gaude goizeko 9:05 martxan hasteko prest, baina Txindokira zuzen joan barik lehenengo Ausa Gaztelutik pasatuko gara eta horrela zirkuitu bat osatuko dugu.

Txindokira doan bide normala hartuko dugu eta ordu laurden bat ibilita Gaztasuiko langara iritsitakoan (9:20) gorantz doan bidea normala utzi eta gure eskumara doan zabala hartuko dugu. Pista honi jarraituz Gaztelu azpian dagoen Errekonta lepora ailegatuko gara batere eragozpenik gabe (10:15). Lepora iritsi baino pixka bat lehenago iturri bat daukagu.

Lepotik tontorrera joateko eskumara jo behar dugu aldapa belartsu baten zehar, ez dago bidezidor garbirik, pikea da baina nahiko motza eta berehala gaude denok puntan, Ausa Gaztelu (908)(10:25)

Hemendik Txindokira joateko bidea nahiko erraza da, eguraldi onarekin behintzat, berriro jaitsi behar dugu Errekontako lepora, eta zuzen jarraitu aurrean dugun aldapa igotzen hasteko. Bide garbi bat ikusiko dugu, nahiko zabala eta errez aurkitzen dena. Ate-sare bat igaro ondoren, siga-saga batzuk egin eta laster konturatuko gara nahiko altura irabazi dugula ezkerretara jotzen hasteko (920 m) (11:00), Txindokira doan bide normalarekin topo egiteko. Horrela gainez-gain joanez, altura galdu gabe, bide normalarekin bat eginda Txindokiko aldapei ekingo diegu. Bide oso markatua dago, bide bazter batzuetan elur orbanak ikusi arren, orokorrean bidea garbi eta lehorra dago. Azkeneko aldapak lasai hartuta errez iristen gara tontorrera, Txindoki (1.342 m) (12:10). Puntara ailegatu baino lehenago izan dugu haizea baina goian bare-bare dago eta lasai egon gara bertan argazkiak atera eta zerbait jaten eta edaten.

Larraitzera doan bide normaletik abiatu gara beherantz, bidea ohiko baino lehorragoa dago eta oso pasiera erosoan ailegatu gara aparkalekura, pixka bat lehenago bide ondoan dagoen iturrian botak garbitu eta gero (13:50).

Aste-eguna izanda bertako taberna batzuk itxita daude eta zabalik dagoena ez du bazkaltzen ematen, horrela, Amezketara joan gara, plazan dagoen tabernara. Ondo bazkaldu dugu, kafea eta patxarana ere hartu ditugu (batzuk)

Powered by Wikiloc