Julian, Angel, Pintado eta Andoni batu gara Sollube aldera joateko, Andoniren kotxean goaz goizeko 8:30etan Eibartik irtenda. Eguraldi oso ona daukagu, garbi-garbia.
Sollube Bizkaiko Batzarretara deitzeko erabiltzen ziren bost mendi “bocinero”tariko bat da. Gaur ere nahiko “bocinero” dela esan genezake kontutan izanda zenbat antena dagoen bere tontorrean, izugarria da.
Mungiatik pasa eta Meñaka aldera abiatu gara, han Meñakabarrena auzoko Andra Mari baselizaren ondoan aparkatu dugu autoa, aurrean Karmeliten komentua daukagu.
Gaurko bidea ia osoa pistaz izango da eta horrelakoetan gertatzen den bezala oso zaila da bidearen deskribapena ondo egitea, ezinezko delako bidegurutze guztietako berri ematea.
Oinez hasten gara (9:10) Sollubera begira hartuko dugun, baseliza ezkerretara utziz, Domika aldera doan errepidetik, laster (9:20) bidegurutze batean errepidea utzi eta gure eskumara eukalipto baso baten sartuko gara erreka aldera joateko bide zabal baten barrenetik. Bidea hasieran erreka ondotik doa baina laster erreka laga eta gorantz hasiko da, beti ere Sollube aldera. Erreka zulo ondoan hotza sentitu dugu, baina laster berotuko gara eguzki gozoan. Pista sigi-sagan doa igoera erraztuz, ordu bete ibili eta gero aukerak erabakitzeko garaian kontutan hartu behar dugu Sollubeko azken aldapak bere ezkerretik igo behar ditugula, hau da, beti ipar aldera joko dugu mendiaren bizkarretik doan pista batekin topo egin arte. Bizkarreko pista honetatik jarraituz tontorreraino doan errepidearekin batuko gara eta berehala gora iritsiko gara, Sollube (685 m) (10:55).
Tontor-tontorra ezin da zapaldu ere egin dena antenaz josita dago eta, baina bere buzoitxua behintzat errespetatu dute, gaitz erdi. Hain urratuta dagoelako konpentsatze arren edo, sekulako bistak dauzka, gure inguruko mendi lerro guztiak dauzkagu begi aurrean, baita itsasoa ere. Haizeak gogor jotzen du eta , eguzkipean egon arren, hotz egiten duenez apur bat beherago jatea erabaki dugu, beraz, argazkiak atera eta beherantz abiatu gara.
Jaisteko bide hasieran berdina izango da, baina errepide lagatzen dugunean eta berehala aurreko bide utzi eta mendi bizkarretik jarraituko dugu pista batetik, pista hau laster hasten da goitik behera, adi egon behar dugu ze lehengo bide gurutzeetan ezkerretara jo behar dugu (11:15), hemendik aurrera zaila da galtzea pista nahiko ibilita dagoelako eta zuzen doalako, Santilandi baselizatik pasata, Meñakara (12:10)
Hemen gure ezkerretara doan errepidetik joko dugu Meñakabarrena aldera, laster gaude Andra Mari ermitaren ondoan (12:30). Eguraldi oso ona izan dugu bide guztian.
Mungiara joan gara bazkaltzera, herriko plazan dagoen Ene-bada tabernara. Ondo eman digute baina oso mahi txikian eseri gaituzte , ez da izan oso erosoa. Bazkari ez ugaria baina ona, ardoa, berriz, urtekoa Errioxakoa. 12€ menua.