Sarastarri

Eibartik irteera: 8:00etan

Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Javi , Agustín, Fernando , Treviño, Josetxo, Arrate, Anton, Joserra eta Andoni.

Autoak: Julian, Javi, Joserra eta Andoni

Zirkular bat egingo dugu Ataungo Urkillaga mendatetik hasita. Ibilaldi erraza da, Aralarreko ezohizko ikuspegiekin.

Urkillagako mendate bertan ekialderantz doan pista bat hartzen da(8:50), baina berehala uzten da, ezkerrean daukagun GR-20-1teko marra zuri-gorriekin markatuta dagoen bide bat hartzeko. Ondo markatutako bideak igoera erosoan gorantz garamatza, hasieran artadietatik barrena, eta, ondoren, goi belardietatik zehar Agaotz (974 m.) mendiaren tontorreraino (10:00).

Mendi bizkarretik jarraituz, norabidea mantenduz, Aralarko bista ederrekin, pixka bat jaitsi eta eskuman harrizko hesi bat lagata (hemen GR-20-1 utzi egiten da) aurrera egingo dugu bidezidor batetik igoera leunean. Bidezidorra pagadi baten sartzen da eta, ondoren, Sarastarriko (995 m.) (10:20) tontor harritsura garamatza.

Puntatik jaitsi eta bidea berreskuratzen da, orain beherantz joateko. Jaitsiera hasi eta 10 minutura, gure ezkerrean mugarri batek Sarastarriko kobazulora eramango gaituen bidezidorra markatzen du. Hasierako hamar bat metrotan erraz bisitatzeko haitzulo zabala da.

Bidera itzuli eta jaisten jarraituz Lareoko urtegira iritsi gara (11:35).

Pista eskumara hartu, laster, bidegurutze batean, aurrera jarraitu dugu, eskumako pistari jaramonik egin barik, eta pistari segituz Urkillaga mendatera ailegatzen da (12:20).

Olaberrira jo dugu bazkaltzera. Baina eguraldi ona daukagunez eta denbora sobran, Atauneko taberna bateko terrazan geldialdi bat egin dugu zerbait hartzeko.

Arrieta jatetxean bazkaldu dugu, 14,95 €tan daukate menua, kafea barne. Kalitate/prezio ratio ona iruditu zaigu. Lau mahietan banatu gara, gaurko neurri murriztaileri kasu eginez, horrek ez du, baina, gure arteko giro ona zapuzten. Kopak eta, berak egindako, pastak, Agustinen kontura doaz, duela gutxi bere urtebetetzea izan delako.