Lurraldea Araba
Mendikatea Toloño-Cantabria
Altuera 1223 m.
Kokapena 42.59498,-2.68571
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak
Ibilbidea egindako eguna 2019-04-26
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Ábalos
Ibilbidearen helmuga Ábalos
Denbora igotzen 1:25 h.
Denbora guztira 3:40 h.
Distantzia 12,7 km.
Igoera desnibela 740 m.
Jeitsiera desnibela 740 m.

San Leon

  • Eibartik irteera: 8:00etan
  • Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Andoni, Arrate eta Agustín.
  • Autoak: Iñaxio eta Garate

8:00etan abiatu gara Eibartik Abalosera (Errioxa) joateko. Herri bertatik hasi gara oinez (9:20) Toloño (Cantabria) mendizerra aldera doan errepidea hartuz (Ipar-ekialde), Puelles bodegatik pasa ondoren “ermita de la rosa”ra markatzen duen seinaleari kasu egiten pista baten sartu gara.

Pistatik segituz lehehnengo bidegurutzera heldutakoan (9:50), marrak utzi eta eskumara jo dugu, horrela zirkular luze bat egingo dugu gero bertara etortzeko. Pistatik gorantz goaz Toloño mendizerraren harrizko paretak gure ezkerrean ditugula, aurrerago, San Leon tontorrean dagoen itzelezko antena ikus dezakegu. Pistak Herrerako errepidearekin bat egiten duenean ezkerrera hartu, eta berehala mendatearen goian gaude (10:32).

Mendatetik, ezker aldera, ateratzen den pistatik joanda, 257 maila dituen eskailerara ailegatu gara eta hauen bukaeran burdinezko eskailera batek tontorrera eraman gaitu San Leon (1.223 m.) (10:45). Bertan daukagun izugarrizko antenak ez da izan eragozpena paisaiekin gozatzeko.

Haize hotza dabilenez, puntatik apur bat jaitsita hartu dugu atsedenaldia.

Tontorraren beste aldetik ekin diogu jaitsierari, Mendebalderantz, marra zuri-horiekin markatuta dagoen bide zidor batetik, mendiaren gangorra gure ezkerrean dugula. Markei jarraituz San Leon kobazulotik pasa gara (11:10) pista batera jaitsi baino lehenago, behin pistan (11:17), ezkerrera jo dugu, Atxabal mendira markatzen duen seinaleri kasu egiten.

Itzelezko pagaditik zehar goaz, eta hamar bat minutu pistatik ibili ondoren (11:29), pintura batzuk gure eskumatik gora doan bidezidorra markatzen dute (hitoak ere badaude), bertatik egin dugu gora, hasieran basotik doan bide erosotik, eta gero, harkaitz eta ezpel artean, aldapa pikoatik, tontorreraino, Zerraluntxa (1.188 m.) (11:40). Zoragarriak dira Toloño mendilerrorantz ditugun bistak.

Etorri garen bidetik itzuli gara pistara, hemen, eskumara jo eta hamar bat minutu ibili ondoren, garbi gune batera ailegatu garenean (Portillo de la Rosa) (11:58), gure ezkerrean beherantz doan bide zabal bat hartu dugu, eta De la Rosa baseliza izandakoaren aztarnetatik eta bere iturritik pasa eta gero, bide errazetik, hasierako tokira heldu gara , Ábalos (13:00). Ibilaldi ederra izan da gaurkoa.

Parke bateko iturrian freskatu eta gero Bastidara abiatu gara, para bat ardotxo edan ostean Jatorrena jatetxera jo dugu bazkaltzera. 13€ko menuak aukeran plater gutxi ditu. Urteko ardoak, beltza pitxarretan zerbitua, behar den baino beroago. Nota nahiko justu bat ipini diogu.

Kafeak eta patxaranak Garaten lepotik, urteak bete dituelako. Agustinek, bide batez, etxerako ardoak erosi ditu.

Powered by Wikiloc