Lurraldea Araba
Mendikatea Izki
Altuera 1065 m.
Kokapena 42.73333,-2.49358
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2015-03-05
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Apellaniz
Ibilbidearen helmuga Apellaniz
Denbora igotzen 2:30 h.
Denbora guztira 3:20 h.
Distantzia 12,2 km.
Igoera desnibela 537 m.
Jeitsiera desnibela 537 m.

San Kristobal

Hilabete baino gehiago pasa da azkeneko irteera egin genuenetik, neguak gogor astindu ditu bazterrak aurreko asteetan, lau bat aste izan dugu zegidan elurra eta euria eten gabe izan direla. Azkenean azaldu zaigu eguzkia eta pozik hartu dugu.

Julianen autoan abiatu gara Eibarretik goizeko 8etan, laino batzuk zeruan eta nahiko fresko, baina jakinean gaude eguraldi ona datorrela eta horrela izan da. Garate, Angel, Pintado eta Andoni goaz berarekin. Gasteiz iristear Azazetako mendatera jotzen dugu eta Maeztura ailegatu baino lehenago Apinaniz herrixkara hartzen dugu. Bertan aparkatu eta elizako kanpaiek 9:00 jotzen hasten direnean oinez ekiten diogu.

San Kristobal mendia dugu helburu bezala baina zuzenean eginez gero oso motza geldituko delakoan lehenengo San Justi.ra joatea erabaki dugu. Horretarako “Postariaren ibilbidea” bezala markatuta dagoen bidea hartzen dugu, marka horiekin ondo adierazita dago. Karratan izeneko presa baten ondotik pasatuko gara eta laster El Raso lepora ailegatuko gara (9:20), hemen, eskumatara gorantz hartu barik, zuzen aurrera joko dugu, Txarabitana bezala daukagu seinaletan ipinita, horrela bailara bezalako bat igarota bide zabal baten zehar, sastraka artean, errez iristen gara Arluzea lepora (10:05). Bidean elurra zapaldu dugu, itsura batean bart nahiko elurra egin du, elurra ez dagoen tokietan bidea lokaztuta topatu dugu aurreko euriteen ondorioz.

Arluzea lepoa bide gurutze zabal bat da, aurrera joz gero Arluzea auzora jaitsiko ginateke, ezkerretara El Arco harkaitzera doan bida daukagu eta eskumatara, berriz, San Justi.ko tontorra dakusagu.

San Justira joan baino lehenago El Arco ikustera abiatzen gara, bidea basoan sartzen da, pagoek, oraindik hostorik gabe, oso neguko paisai ederra eskaintzen digute, berehala gaude bertan, El Arco harkaitza (10:20), ederra ikusteko. Etorritako bidetik itzultzen gara lepora eta hemendik San Justi.ko aldapa ia zuzenean erasotzen dugu sastraka artean. Aldapa pikea da baina motza eta laster gaude tontorrean, San Justi (1.029 m) (10:45). Haize fina dabil, zerbait jaten hasten gara baina arin abiatzen gara hotz dagoelako geldi egoteko.

Eguraldi eguzkitsuaz gozatzen mendi bizkar gainetik San Kristobal aldera hartzen dugu, Ekialdera. Gure ezkerrean Kapilduiko dorre meteorologikoa ikus genezake, eta aurrean urrutira Aitzkorriko mendi katea. Gailurrez jarraituz, errez ailegatzen gara San Kristobal tontorrera (1.065 m) (11:30) , gurutzea eta gutunontzia bertan.

Apinaniz.era jaisteko, atzera egin gabe bertara doan pista hartzera, aurrera egingo dugu, ekarri dugun norabidea ezkerretara aldatuz, gure eskumara pagadi oso aldapatsu dakusagu, eta gaur oso dago elurtuta. 5oo metro bat aurrerago eskumatara joko dugu basoa goitik behera zeharkatzeko, oso aldapatsu eta labainkorra elurragatik, behean pista batekin topo egingo dugu eta hau eskumatara hartuko dugu. Pista lagako dugu harkaitz batzuen artetik jaisten da bidea, hitoak, hartzeko. Haitz ikusgarriok eskalatzeko prestatuak daude, bidea jarraituz laster gaude herrixkan, Apinaniz (12:20). Plazako iturrian garbitu eta aldatu gara eguzkiaz gozatuz.

Gasteiztik datorren errepidean, gasolindegi baten ondoan Virgala jatetxean bazkaldu dugu, ondo, 7 bat, ardo gorria Nafarroakoa, eta menua nahiko zabala. Menua, kafea barne 11,70 € eta patxaran bakoitza 1,85.

Angelek bazkari osoa telebistako neskei begira igaro du, alperrik gure abisuak tortikolis izateko arriskuaren abisuak.

Powered by Wikiloc