Eibartik irteera: 7:30etan
Parte-hartzaileak: Julián, Garate, Ávila, Pintado, Mari Carmen, Roberto, Arrate, Ángel, Andoni eta Jabi Eskudero.
Autoak: Jabi Eskudero, Roberto eta Garate.
Toloño mendilerroan dauden mendi garrantzitsuen igoerekin bukatzeko, Palomares eta Herrerako mendatearen bitartean dagoen Redecilla mendiara abiatu gara.
Naiz eta igoera arruntena Piapaon herritik (ipar aldetik) izan, guk hego aldetik igotzea aukeratu dugu, zehazki, Laguardian dagoen Berberana baselizatik hasita. Horra iristeko A-124 errepidea hartu dugu, eta 59,7 kilometroan ipar aldera doan pistatik jo dugu.
Eguraldi lainotsu daukagu eta mendien tontorrak estalita gure aurrean, baina ez dago euritarako.
Oinez hasi gara (9:00) baselizatik apur bat gorago dagoen pik-nik gunetik, bertan erretegiak, mahaiak, komunak eta abar. Ipar-ekialdera doan pista hartu eta berehala ( bidegurutze batean (9:10) eskumatik jo dugu. Hurrengo bidegurutzean (9:35) pistak eskumatik itzulinguru luze bat egiten duenez, guk zuzen gorantz jo dugu ura kudeatzeko dagoen etxetxo batera (9:45), hemen eskumatik joanda berriro gaude pistan (9:50). Berari jarraituz gorantz egin dugu, bukatzen den tokian bidezidor bat hasten da eta bertatik jo dugu Redecilla leporaino (10:35).
Txangoa aberasteko , lehenbizi ezkerretik gorantz egin dugu Cervera (1386m.) (10:55) mendira igotzeko, gero berriz itzultzeko lepo berdinera eta hemendik, beste aldera jota, hasieran ezpelen artean eta bukaeran harrizko den, gaurko helburura igotzeko, Redecilla (1376m.) (11:20).
Jaitsiera etorri garen bide berberetik egin dugu, baina aldaketa txiki batekin, pistarena bigarren bihurgune itxian, zuzenean beherantz doan bidezidor bat hartu dugu (12:15), eta aipatzeko beste gauzarik barik iritsi gara kotxeetara (12:50).
Freskatu, aldarriak jantzi eta Batidara abiatu gara. Pare bat ardotxo ostean Alai jatetxera joan gara bazkaltzera. Bazkaria ona , menua 13 €tan Errioxako urteko ardoekin. Gustura irten dugu. Kafeak eta patxaran kopak Julianen gonbidapena urteak bete zituelako pasan otsailean. Gauza bitxia, kopak atera eta gero, etxean egindako patxaran botila mahaian utzi zuten nahi genuena hartzeko, hortik edandakoa ez ziguten kobratu.
Eguraldia ez lagundu arren bistekin gozatzeko, egun polita bota dugu.