- Eibartik irteera: 8:00etan.
- Parte-hartzaileak: Andoni, Julián, Agustin, Iñaxio, Roberto, Garate, Pintado.
- Autoak: Roberto, Garate.
Eibartik Gasteiz aldera abiatu gara Uribarri Gaubea- tik (Villanueva de Valdegovía) pasa, Valpuesta (Burgos) zeharkatu eta Gaubea-ko udal barruan dagoen Mioma herrixkara iristeko.
Mioma-ko herrixka ia osoa Burgosko lurraldeekin inguratuta dago, Valderejo-ko Parke Naturala eta Arabako gainerako lurraldea batzen dituen istmoa da. Ibilaldi zirkularra egingo dugu bere inguruan dauden tontorretik, denek Burgosekin egiten dute muga: Raso, Risca eta Rodil. Zeharo oskarbi dugu eguna, baina oinez hasi garenean bat edo bi graduko tenperatura besterik ez daukagu.
9:15etan ekin diogu txangoari Hego-ekialderantz doan pista bat hartuz, laster (9:26) utzi dugu eskamara jotzeko (Hego), lur soro batzuen artetik, gure aurrean ikusten dugun pagadiz estalitako mendi aldera. Basora ailegatutakoan ezkerrera doan pista hartu dugu (9:42), berari jarraituz azkar irabazi dugu altuera. Nahiko goian geundenean (9:53) , pista utzi eta zuzen gora jo dugu basotik barna, biderik gabe, tontorrera iritsi arte, Raso (1051 m) (10:00). Mendiaren beste aldean (Hegoa) zelaiak dira nagusi eta elurrez estalita agertzen zaizkigu, eguraldi hotza baina ederra ibiltzeko.
Beherako bideari Ekialdera jotzen ekiten diogu, mendiaren bizkar gainetik, marrak berde-zuriak, berriz basoan sartu garenean gure ezkerrean beherantz doan bide zabal batetik abiatu gara (10:15).
Hurrengo helburua, Risca mendia, gure Ipar aldean daukagu, norabide hau mantendu behar da ahal den eta altuera gutxien galduz. Pista batek hurbilketa erraztu digu, behin gorantz hasitakoan eta basotik barne goazenean hito bat ikusi dugu bide ondoan (11:00), hemen pista utzi eta aurrera egin dugu alanbrezko hesi batekin topo egin arte, hesia amildegi ondotik doa, amildegiaren ertzetik jarraitu dugu tontorrera iritsi arte, Risca (1.008 m) (11:22).
Txangoarekin jarraitzeko atzean utzi dugun alanbre-hesira itzuli gara, berari jarraitu behar diogu baina oraingoan Hego-Mendebalde aldera, gure hurrengo helburua den Rodil mendirantz.
Jaisten joango gara norabidea mantenduz, ahalik eta altuera gutxien galtzen, antena baten ondotik pasatu gara beheko lepora iritsi baino lehenago, handik gorantz mendiaren bizkarraren ondotik egin dugu, ez dago markarik baina, hasieran bidea eta gero zidorra oso garbiak dira. Aldapa gogor bat eraso behar dugu tontorrera ailegatzeko, Rodil (1.029 m) (12:45).
Jaisteko, puntan bertan Mioma aldera doan pista hartu dugu, honek izugarrizko siga-saga luzeak egiten ditu, ahal denean ezkerrera hartuz errepidera heldu gara, eta berari jarraituz Mioama-ra iritsi gara (13:45).
Herrian iturria eta aska ditugu garbitzeko, orain tenperatura 10 gradutik gora daukagu.
Bazkaltzera Ruta de Europara jo dugu, bertara Lizarriturri-kin batera ailegatu gara , berak ere Raso mendia igo du, baina Gaubea-tik. Beti bezala plater askotako menua 13 Eurotan. Telazko mantela eta eskuzapiak zerbitzu on batekin.