Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Javi , Agustín, Fernando , Treviño, Josetxo, Arrate, Anton eta Andoni.
Autoak: Iñaxio, Anton eta Josetxo.
Hasierako asmoa zirkular bat egiten zen, Pardarri eta Ganbo mendietatik igaroz. Baina, gailurrak estalita topatu ditugu eta, gainera, haize takar eta hotza zebilen goi aldean, gauzak horrela, soilik Pardarrira igotzea erabaki dugu. Igo garen bide berdinetik jaitsi gara.
Amezketatik ekin diogu txangoari (9:00), herriaren goialdeko errepidetik gorantz eginez. Laster, bihurgune baten ostean (9:05), gure ezkerrean, GR-121eko marra zuri-gorriekin markatutako bidea daukagu, bide hori hartu, eta bertatik joango gara datozen bi ordu luzeetan.
Bidea ondo markatuta dago, Arritzaga errekaren ondotik igotzen da, hasieran arroila sakonetik eta gero goi-zelai zabaletik. Behin goiko hegaletan, meatze zaharraren hondakinen ondotik igaroko gara, eta, aurrerago, Arritzagako saroia osatzen duten iturri eta txabola batzuen ondotik. Adi!, laster, igoera leunari jarraituz, Pardeluts izeneko (1.050 m.) iturri eta aska handi bakartira helduko gara (11:15), GR-121ko markak uzteko unea da. 200 bat metro aurrerago, eskumara biratu gara, eta aurrean ikusiko dugun sakonunetik igotzen Pardeluts saroira iritsi gara (11:20).
Sakonunearen erditik igotzen segiz, Pardarri eta Ganbo mendiek banatzen dituen, Lizasoko lepora ailegatzen da. Hemen, ezkerrera jo dugu azkeneko aldapak erasotzeko, Pardarri (1.396 m.) (12:00). Haize hotza eta indartsua dabil eta babesa bilatu behar izan dugu zerbait jan-edateko. Inguruko gailurrak estalita daude.
Bide beretik itzuli gara. Behera egin ahala, eguraldiak hobera egin du, Amezketan egun eguzkitsu batekin topo egin arte (14:45).
Murrizketekin jarraitzen dugunez (Euskadiko mendietara joan gaitezke, baina, soilik Eibarko eta bere inguruko herriko tabernetara) etxetik eraman dugu janaria. Larraitzen dauden mahaietara abiatu gara, bakarrik lau pertsona mahaiko arauak dion bezala, baina, horrek ez du eragotzi, udaberriko eguzkia lagun, bazkari eder bat egitea.