Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Mendaur
Altuera 1124 m.
Kokapena 43.15544,-1.71929
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2015-11-03
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Aurtitz (Ituren)
Ibilbidearen helmuga Aurtitz (Ituren)
Denbora igotzen 1:55 h.
Denbora guztira 4:00 h.
Distantzia 11,3 km.
Igoera desnibela 1022 m.
Jeitsiera desnibela 1022 m.

Mendaur

  • Eibartik irteera: 7:30
  • Parte-hartzaileak: Garate, Julian, Arrate, Angel, Pintado, Andoni
  • Autoak: Garate, Angel

Iragarpenek eguraldi ona zetorrela esan arren, euria zen Iturenera iritsi ginenean. Berriz begiratu iragarpenak eta hobera egingo zuela zioten, kasu eginez Doneztebera joan gara taberna baten bila, denbora eginez, kafesne batzuk hartzeko asmoekin. Poliki-poliki eguraldia hobera egiten zuela ikusita, animatu eta autoak hartu eta Aurtitz-era (Ituren) abiatu gara.

Aurtitzen oinez hasi garenean 9:45ak dira, garbi dago hasierako asmoa, Mendaurrez gain Mendieder eta Ekaitz tontorrak egitea, moztu egin beharko dugula. Azkeneko erabakia Mendaurreko tontorrean hartuko dugu.

Txangoa herri erditik gorantz doan kaletik hasten da, laster pista batekin topo egin eta bertatik abiatu, berehala bidegurutze batera ailegatuko gara (10:05), pista utzi eta gure ezkerretara dagoen belardi batetik gora jo behar da, lasterbide bat besterik ez da eta pista berdinera ailegatuko gara gorago. Pistatik jarraituko dugu txabola baten ondoan bukatzen den arte.

Txabola pasa eta pista bide bihurtzen da eta bertatik segituko dugu. Momentu baten bide hau utzi behar dugu ezkerrera joateko pagadi baten barne, hito batekin markatuta dago, erne!(10:45). Bide zabala utzi eta pagaditik doan bide-txingorra hartuko dugu, hitoekin ondo markatuta dago basotik irten arte, gero goiko belardietan bidexkari jarraituko diogu (argi joan beharra dago erraz gal genezakeelako) goiko haitzetaraino, goian, arroka artean ondo zapalduta dagoen bidea hartu eta eskaileratik gora joko dugu ermita/aterperaino eta bertan dugu tontorra, Mendaur (1.124 m) (11:40).

Gora gentozela eguraldi nabarmen egin du txarrera, haizea indartzen eta hozten joan da eta tontorrean jasan ezina bihurtu, aterpeko atea eusteko ere izugarrizko indarra egin behar zen, ez du euririk egin baina laino azpian gaudenez dena dago bustita. Aterpe barruan bildu gara eta erabaki dugu zuzenean behera joatea, beste mendirik egin gabe, eguraldia ez da batere atsegina jarraitzeko.

Itzultzean bide ezberdina egitearren, Mendaur urtegitik jaistea erabaki dugu, horretarako hasieran etorri garen bidetik abiatzen gara, baina behin haitzetako eskailerak pasatutakoan Buztizlepoko lepora abiatuko gara (Ipar-Ipar-mendebalde) belardian ondo markatuta eta zapalduta dagoen bidetik, behin lepoan (monolito megalitiko eder batekin markatua) (12:25), ezkerretara joko dugu, marrekin seinalatuta dagoen bidetik pantanora iritsi arte. Urtegiaren beste aldean pista zabal bat hartuko dugu eta bertatik beherantz jarraituko dugu. Aurreratu nahi badugu, hodi handi batekin topo egindakoan, bere ezkerrean dagoen bide bat hartu eta zuzenean garamatza Aurtitzera (13:45). Hemen eguraldia bareago dago, herriko iturri baten garbitzeko aukera daukagu.

Bazkaltzera Doneztebera joan ginen, Santamaria jatetxera. Izugarrizko menua, aukera asko eta denak onak, 12€tan. Telazko mantela eta eskuzapiak , ardo gorri nafarra eta zerbitzu ona. Ezin da gehiago eskatu, bikain.

Goizeko kafeekin, gasolina eta autopista, 25 € eguna.

Powered by Wikiloc