SARRERA:
Hiru eguneko irteera egiteko Ekainak 6an atera ginen Eibartik goizeko 7etan Izaba aldera, mendi hauek igotzeko asmoz, Larratza (1), Baines (2) eta Kakueta (3). Guztira 13 lagun, Ángel, Pintado, Roberto, Mari Carmen, Garate, Iñaxio, Julian, Moya, Joserra, Andoni, Agustin eta Josetxo. Taldea Lizarriturrik osatzen du, honek bere programa du eta bere kabuz ibiliko da:
Joserrak, Andonik, Angelek eta Garatek ipintzen dituzte autoak. Lizarriturrik berea darama.
Txiki-n hartu dugu ostatu, pentsio erdia, 37€ eguneko eta pertsonako, gosaria eta afaria barne, aurrekoan baino 2 € merkeago. Azkeneko egunean Diegok, bertako jabeak, bi botila patxaran oparitu dizkigu. Janarien kalitateekin eta zerbitzuekin pozik irten gara.
Eguraldi txarragatik, lehenengo eta bigarren egunetan guk eramandako janariak Txiki ostatuan jan ditugu, ez digute eragozpenik jarri, solik, menuak emateari bukatu arte zain egon behar ginela. Azkeneko egunean Hotel Isaba-n bazkaldu genuen, menua 16€, kafeekin 17,2 €..Oso arrunta iruditu zitzaigun ordaindutako preziorako.
Irteera Urzainki herritik: 9:53tan
Eibartik gatozela Iruña irteeran dagoen gasolindegian (Rte. El Fogón) gelditu gara kafea hartzera eta azken antolaketak bukatzen. Jendea Urzainkin utzi eta Autoak Izaban, Garaten kotxea izan ezik.
Aterri dago baina zerua euri lainokin estalita. Eliza eta erreka arteko bidetik abiatu gara 9:53etan, laster ezkerretara eginez Izabara doan bide bat hartu dugu. Pista zabal batera heldutakoan (seinale tantaia) (10:28), Izabako bidea utzi, pista gurutzatu eta gorantz garbi egiten duen bide batetik jo dugu (Hitoak). Hemendik aurrera euria lagun izango dugu ia denbora osoan. Baso barruan bidea ez da oso garbia, baina hitoek lagundu digute topatzen. Haitzezko horma batzuen ondotik pasa eta gero goiko belardietara iritsi gara. Busti-bustita dagoen zelaitik gorantz goazela zizak topatu ditugu, biharamunean jango ditugu. Belardia bukatu eta ezpaldi zarratu batean sartu gara, ahal izan dugun bezala gurutzatu dugu, horren ostean arroka eremu txiki bat pasa eta tontorrean gaude, Larratza (1.585 m) (12:31). Blai-blai eginda gaude. Laino barruan gaudenez ezin izan dugu paisaiaz gozatu.
Jaitsiera beste aldetik egin dugu, hasiera arrokatik eta gero belardietatik, muino bat utzi dugu eskuman, metro batzuk beherago gangorra gurutzatu dugu eta beherantz egin dugu gangorra gure ezkerrean utziz. Arretaz ibili behar izan dugu bidea oso labainkorra zegoelako. Ordu erdi pasatxo ibili eta gero porlanezko pista baten gaude (13:07) eta handik ordu betera Izaban (14:06).
Txiki ostatura jo dugu, dutxatu, arropak aldatu eta 15:15erako mahaia inguruan gaude. Giro oso onean, guk eramandakotik bazkaldu dugu; edariak, kafeak eta kopak tabernakoak.
Afal aurretik Lizarriturrik bat egin du gurekin, Txutxurro (805 m) mendian egon dela esan digu.