SARRERA:
Ekainaren 6, 7 eta 8rako antolatu dugu mendi irteera. Otsagabian ipini dugu jardueren kanpamendua. Lehengo egunean zuzen iparraldera jo dugu Iraututurru mendia igotzeko,handik Otsagabira pasatzeko. Bigarren egunean La Corona mendira joan gara, eta hirugarrenean, etxerako bida hartuta, Illon mendira igo gara.
Hamasei parte-hartzaile gara, Julian, Txurruka, Moya, Garate, Anton, Roberto, Mari Carmen, Javi Ávila, Fernando, Iñaxio, Josetxo, Angel, Pintado, Fernando, Joserra eta Andoni. Lizarriturri ere Otsagabian egon da, baina bere kabuz ibili da.
Autoak, Garatek, Fernandok, Joserrak eta Robertok ipini dituzte.
Orialde ostatuan pentsio erdian (afaria eta gosaria) hartu dugu ostatu. Bazkaldu ere bertan egin dugu bigarren egunean. Kontutan hartuta, ohe bakarreko, biko eta hiruko gelak izan ditugula, batezbesteko prezioa 37,5 € izan da eguna/pertsonako. Gosariak 5 €tan eta bazkari eta afariak 17 €tan. Kalitate prezioaren erlazioa ona begitandu zaigu. Pozik atera gara.
La Corona (1387 m.) 2022/06/7
Gaurko txangoari Garralda herritik ekingo diogu. Eliza ondotik hasi gara oinez (9:05), eta errepidea zeharkatu mendebaldera joateko , gero legarrezko bihurtuko den, ormigoizko pista zabal batetik. Pistatik segituko dugu bidegurutze zabal batera iritsi arte (10:25). Puntu honetan hiru aukera ditugu, guk pagaditik barrena doan erdiko aukeratu dugu, aurrerago eskumara jo dugu mendi bizkar gainera igotzeko (10:40), ezkerrera hartu eta bide argi batetik aurrera eginez helburura iritsi gara La Corona (10:55) (1387m.). Gaina zuhaitz gabeko irasail zabal baten erdian dago, bertan dorre txiki bat erpin geodesikoa gainean duela. Argazki batzuk egin, zerbait jan-edan eta beherako bideari ekin diogu.
Ekarri dugun norabideari eutsiz, eta marra urdin batzuei ( gorriak ere bai tarteka) jarraituz La Coronako begiratokira iritsi gara (11:20). Faila zabal bat da, haitzezko amildegi baten zabaltzen den begi-toki eder bat. Abodi mendizerra eta Orhi mendiak gure bistan, baita Irabiako urtegia.
Metro batzuk atzera eginez berreskuratzen ditugu esandako marrak, alanbrezko hesi bat gurutzatu (11:25) eta pagadi barretik behera segi dugu bide zabal batekin bat egin arte. Ezkerretara hartu dugu marra urdinei jarraituz, laster, igo garen pistekin topo egin dugu. bertatik itzuli gara hasierako puntura, Garralda (12:35).
Bazkaria Orialde ostatuan daukagu enkargatuta, bertara jo eta dutxatu ostean , pare bat zurrut egin eta bazkaltzera.
Mendi txango lasaia izanda gaurkoa. Bide gehiena pagadi barrena egindakoa.