- Eibar irteera: 8:00etan
- Parte-hartzaileak: Angel, Pintado, Joserra, Iñaxio, Arrate, Agustín, Josetxo, Julen, Roberto, Maricarmen, Garate, Periko eta Julián
- Autoak: Angel, Joserra eta Julen.
Eibartik abiatuta Jaizkebeleko begiratokira (miradorera) joan gara eta bertan utzi ditugu kotxeak. Gaur helburu bikoitza dauzkagu, bat, Jaizkibel mendi-tontorrera igotzea, eta bi, itsasertzeraino jaistea Labetxuko harkaitz ikusgarriekin gozatzera.
Mendebalderako norabidea harturik hasi gara oinez (9:13) zelaietatik zehar eta ordu erdi bete orduko tontorrera gara, Jaizkibel (545m.) (9:44). Gailurra antenez beteta egon arren bista ederrak dauzkagu bertatik. Norabidea mantenduz berrekin diogu martxari , orain belardiak eta harea-lurrak txandakatuz.
Puntu baten (10:08) GR-121aren marra zuri-gorriekin topo egin dugu, hemen, eskumara biratu eta marrei jarraitu diegu Ekialdera. Errepidea gurutzatu eta jaisten jarraitu dugu. Argi ibili behar da, GRtik ordu erdi ibili ondoren, (10:38) mendi-bizkar batera heldutakoan, zuzen beherantz egin dugu garo artetik doan bidezidor batetik. Beherago pista batekin bat egin dugu (10:50), gurutzatu, eta zuzen jaisten jarraitu dugu garbi ez dagoen senda batetik. Itsasora hurbiltzen goazela, gure inguruan hasi dira azaltzen kolore okre eta gorriak dituzten lehenengo harkaitzak, baita mendiko arroketan haizearen eta uraren eraginez sortu diren geoforma ugari, albeolo eta abaraska forma ikusgarriak beraien artean. Ainbat haitzulo ere ikus ditzakegu.
Argazkiak ateratzen eta zerbait jan-edaten eman dugu denboratxo bat itzulbideari ekin baino lehen. Ipar aldera jo dugu itsas ertzetik, marra zuriak dauzkagu gora-behera asko dituen bidea markatzen. Inguruko paisaia ederrak eta daukagun eguraldi ederrak asko errazten digu ibilbidea.
Labetxu inguruan denbora luzez egon garenez, orain, abiadura apur bat azkartzea tokatzen zaigu igo behar ditugun 300 metroko desnibela gainditzeko, jatetxean ipinitako hitzordurako ailegatu nahi badugu, behintzat. Bidea ona da, baina aldapa piko batzuk izerditan jarri gaituzte. Gorago bidegurutze batean (12:56) erditik segi dugu beste aldapa piko batetik, berriz GR-121 topo egin eta gurutzatu dugu aurrera eginez miradorera iritsi arte (13:25). Pozik gaude denok, Urtarrilan egon arren oso egun eder batekin gozatu dugulako.
Lezon dagoen Carmen jatetxera jo dugu bazkaltzera, 15 € menua, janaria ez dago prezioren nibelean, kafeak, ardo nafarra eta patxaranak (2,5 € kopa) aparte.