Lurraldea Araba / Bizkaia
Mendikatea Salvada / Gorobel
Altuera 1073 m.
Kokapena 43.01790,-3.07334
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Tologorri
Ibilbidea egindako eguna 2016-09-27
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Fuente de la choza (Urduña)
Ibilbidearen helmuga Fuente de la choza (Urduña)
Denbora igotzen 2:55 h.
Denbora guztira 4:35 h.
Distantzia 16,3 km.
Igoera desnibela 1014 m.
Jeitsiera desnibela 1014 m.

Iturrigorri

  • Irteera Eibartik: 7:30etan
  • Parte-hartzaileak: Julian, Roberto, Pintado, Garate, Iñaxio, Andoni, Mari Carmen, Arrate .
  • Autoak: Andoni, Garate.

Mari Carmen eta Roberto jaso ditugu Ermuko autopistaren sarreran eta Urduñara abiatu gara, herria zeharkatu eta Fuente de la Choza piknik-gunean aparkatu ditugu autoak. Zerua ez zaigu zeharo garbi azaltzen baina eguraldia egonkorra dirudi. Mendi lerrora begiratuz, gure eskumara Iturrigorri mendiaren itzelezko isla dakusagu; ezkerretara, berriz, Txarlazo. Gaurko ibilaldiari azken hau igotzen ekingo diogu, horretarako aurreko pinudian sartu gara (8:30) eta ezkerretara joanez (Ego aldera) Txarlazo aldera garbi doan bideari segitu diogu, ordu laurden ibilitakoan, bidegurutze batean (8:47) eskumara jo dugu garbi gorantz doan bidetik, Goldetxo iturritik igaro eta denbora gutxian iritsi gara izen berdineko atakara, hemen ezkerretara hartu eta laster ailegatu gara Txarlazoko (933 m) (9:35) tontorrera. Puntan, Antiguako amabirjinaren 25 metro altuera duen izugarrizko irudia.

Ekarri dugun bidetik behera egin eta berehala mendi lerroaren gainetik doan bidezidorretik abiatu gara eskumarantz (Ipar-mendebaldera), hemendik aurrera amildegia gure eskumara eramango dugu ibilbide guztian. Amildegiaren erreferentzia galdu gabe, gainez gain doan bidexkari jarraituz, tontorretik tontorrera joan gara, Txolope (1.037 m) (9:56), Solaira (1.040 m) (10:07), Bedarbide (1.035) (10:45), orain La Barrerilla atakara jaistea tokatzen zaigu eta hemendik azken aldapa Iturrigorri (1.073 m) (11:25) igotzeko. Tontorrean gaudela euri tanta batzuk hasi dira, azkar mugitu gara La Barrerilla ataka aldera berriz jaisteko (11:48), iritsi orduko berriz ateri, ataka zeharkatu eta behera garbi markatutako bidetik, Senda Negra deiturikoa, jo dugu.

Behera goazela xenda hau pista bihurtuko da eta beti Ekialderako norabidea mantendu behar da (Txarlazo aldera), bidegurutzeetan altuera ez galtzeak izan behar du aukera, normalean eskumarantz, halako batean(12:35) , gure gainetik doan linea elektrikoa handi bat zeharkatu baino lehen, ezkerretara beherantz hartu dugu (hitoak daude), aurrerago berriz eskumara ekarri dugun norabideari eusteko. Pistaz pista autoak aparkatuta dauzkagun gunera iritsi gara (13:05). Bertan iturri bat daukagu.

Urduñara abiatu eta pare bat ardo hartu ondoren Rómulo jatetxera joan gara bazkaltzera, menua 10,9€, bazkaria justukoa, baina Errioxako urteko ardo beltzarekin eta gorriak ere markadunak izanik, zerbait hobetzen da asuntoa. Zerbitzu mantsoa.

OHARRA: 2018ko abuztuan ibilbidearen hasieran pasabidea itxita dago, txakur bat eta hesiak jarrita daude. Eskuma aldera hartu eta zuhaitzen artetik pasatu daiteke bidea berriz hartzeko. Beherako bidean “Ezkerrera” jartzen duen puntua baino aurrerago, track-ak eskumara egiten du. Bide hori itxita ikusten da eta ezkerrera egin daiteke eta bideari jarraitu, beherago eskumara egin eta pista baten zehar hasierako puntura itzultzeko.

Powered by Wikiloc