Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Aralar
Altuera 1430 m.
Kokapena 43.00010,-2.02582
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Irumugarrieta, Sollazbizkargaña
Ibilbidea egindako eguna 2015-05-13
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Gaintza
Ibilbidearen helmuga Gaintza
Denbora igotzen 2:15 h.
Denbora guztira 5:30 h.
Distantzia 13,6 km.
Igoera desnibela 1395 m.
Jeitsiera desnibela 1395 m.

Intzako Dorrea

Irumugarrietara joateko Malloetatik zehar ibilaldi bat egitea pentsatu dugu, horretarako normalean baino pixka bat lehenago jarri dugu gaurko hitzordua, goizeko 7etan Untzagako plazan. Eguna oso beroa datorkigu, 20º dauzkagu goizeko ordu honetan eta egun osorako ego-haizea dago iragarrita.

Lagun asko batu gara, Julian, Angel, Pintado, Arrate Mari Carmen eta Andoni, gainera Roberto eta Garate beraien kotxeekin.

Kotxeek Deskargako tunel egin-berria lehen aldiz zeharkatzen dute eta Tolosara hurbilduz Azpirozko mendateko errepidea hartu dugu, horrela iristen gara Gaintzara. Kotxeak aparkatzen ari garela elizako kanpaiek goizeko 8:00 direla esaten digute.

Oinez hasi eta herriko goi aldera abiatzen gara eta errepidearen azken bidegurutzean eskumara jo dugu, bidea garbi gorantz doa Malloak aldera. Porlanezko bidea bukatzen denean belardi batzuetan sartu gara, bidezidorra ez dago oso garbi baina ikus ditzakegu pintura zahar batzuk eta hitoak ere bai, dena dela bideari jarraitzea nahiko erraza da, beti gora. Belardiak eta pagadiak txandatuz doa gure bidezidorra. Gure eskumara Balerdiren ikuspegi ederra. Asken pagadia horizontalki zeharkatzen dugu bide zehatz batetik, gora hartzen duenean belardi baten sartu gara eta handik gora, harrizko bihurtuko den bideari jarraituz, Usalden Jasoarrienako lepora ailegatu gara (10:00), Malloetan sartu gara.

Gure ezkerretara Irumugarrieta, eta eskuman, Aldaon mendia, lehenbizi ezkerretara jo dugu, ez dugu bide zehatzik ikusten baina eguraldi garbia daukagunez erraz iristen gara Irumugarrietara (1.432 m) (10:15), ego-haizea gogor dabil eta horma baten babesa bilatu izan behar dugu zerbait jateko eta edateko. Hemen haizeak traba egin digu,baina, beste aldetik, berari esker eguraldiak ez du gehiegi berotzen.

Mendi gailurrari ekiten diogu Aldaon aldera abiatuz, Sartaldera jo dugu alanbrezko hezi baten bila, gero bere ondotik joan gara, belardiak eta arrokak txandakatuz, Aldaon-go tontorreraino (1.406 m) (11:05), norabidea mantenduz, Egurbide-tik (1.344 m) (11:20) pasa gara, beheko lepora jaitsi eta berriz igotzen hasteko, Beoin (1.344 m) (11:30). Azkeneko igoerari ekiteko Uako lepora jaitsi gara eta handik Uakorri-ra (1.304 m) (12:00). Norabideari eutsiz Astunalde-ko atakara jaisten gara (12:15), Mari Carmen eta Angel zain dauzkagu, ez dute Uakorri igo eta gu baino lehenago iritsi dira.

Gaintzara jaisteko Gorostiagako sakana hartzen dugu, bide latz eta pikoa goitik behera daukaguna, bide zidorrak sigi-saga batzuk egina gaitik ez du asko arintzen , toki batzetan luiziek zidorra zailtzen dute. Sakana barruan ez dabil haizerik eta beroak kiskaldu egiten gaitu. Gorako bidea txarra zelakoan, baina jaitsiera gogorragoa egin zaigu.

Sakana bukatzen denean eta zidorra bidea bihurtzera doanean, eskumara jo behar dugu, alanbrezko hezi bat zeharkatuz, Gaintza aldera joateko, bestela Azkarate herrira joango ginateke. Bidean iturri bat topatu dugu, ur freskoa, zoragarria. Bidea zelai barrendik doa eta azkeneneko tartea porlanezko pista batetik egin dugu Gaintzara iritsi arte (13:30). Herrian iturri bat daukagu freskagarri.

Beteluko “Betelu Ostatu”an bazkaldu dugu, menua 10 €tan, ondo ematen dute eta zerbitzu ona, ardo arrunta. Bazkal aurretik hartutako tragoak, kafeak, patxaranak, gasolinak eta autopista kontutan hartuta, guztira 17 € , pertsonako eguna.

Powered by Wikiloc