Lurraldea Gipuzkoa
Mendikatea Hernio
Altuera 1073 m.
Kokapena 43.17027,-2.15277
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2015-10-10
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Errezil (Iturburu mendatea)
Ibilbidearen helmuga Errezil (Iturburu mendatea)
Denbora igotzen 2:30 h.
Denbora guztira 4:15 h.
Distantzia 13,1 km.
Igoera desnibela 870 m.
Jeitsiera desnibela 870 m.

Hernio

Untzagako plazan batu gara goizeko 8etan Moya, Roberto, Mari Carmen, Joserra, Pintado,Andoni, Julian eta Arrate, azken bi hauek daramatzate autoak.

Errezil pasa eta gero, Iturburu mendatera iritsi baino pixka bat lehenago aparkatzen ditugu kotxeak, lehenago taberna izandako eta gaur utzik dagoen etxe baten ondoan. Herniora nahi dugu joan baina Herniozabaletik hasi eta mendi bizkarrean, bien bitartean, dauden beste tontorretatik pasatuz.

8:45ean hasi gara oinez, parking bertatik gorantz hasten den bidexka bat hartzen dugu. Herniora doan bidea oso markatua dago eta bertatik joan behar dugu hasiera baten behintzat, beti kontutan izanda utzi egin beharko dugula Herniozabalera joateko, hau Hernioko haitzetara begiratuta gure eskuman kokatzen da.

20 minutu pasatxo oinez daramagunean (9:07) gure eskumara ikusten dugu bidezidor bat pinudi baten gorantz sartzen, hau da lehenengo aukera garbia eskumara joateko Hernioko bidea utziz, bertatik jotzen dugu.

Bideak pista batera garamatza eta pista hau Hernioko mendigunearekin paraleloan doa Herniozabal aldera. Pistak ez du altura gehiegirik hartzen baina behe aldera doazenak ez ditugu hartu behar. Bide-bihurgune estu batean aska bat ikusiko dugu txabola baten ondoan (9:40), hemen pista utzi eta txabolan ondotik pagadi baten sartzen den bidezidor bat hartuko dugu (pagadi eskuman lagata ere joan daiteke), Ekialde aldera, honaino ekarri dugun norabide berdina mantenduz. Pagadi gainditu eta lepo batera iristen gara (9:52), gorantz jarraituko dugu altuera irabaziz eta norabidea mantenduz, horrela, tolosarrek Herniora joateko erabiltzen duten bidearekin bat egingo dugu. Hemen ezkerretara joko dugu nahiko garbi dagoen bideari jarraituz, berehala gaude goian, Herniozabal (1.013 m) (10:15).

Eguraldi zoragarria daukagu, hego haizea dabil baina ez du trabarik egiten. Uso ehiztarien tiro hotsak entzuten hasi gara. Gero ikusiko ditugu uso multzo ugari eta ederrak, pena ehiztarien hatzaparretara doazela…

Hernio aldera doan bidezidorretik abiatzen gara (Ipar-mendebalde) mendi bizkar gainetik, ez dago galtzerik, eta horrela Ubeltz (1.020 m) (10:34) eta Aizpel (1.067 m) (11:00) zeharkatzen ditugu Herniora (1.073 m) (11:15) iritsi baino lehen. Eguraldi ederraz gozatuz ur pixka bat edaten dugu.

Zelatunera doan bide normaletik abiatzen gara, batzuk, berriz, gailurretik Portumatzatik(1.049 m) igarotzeko, Zelatun (11:45). Zapatua dela aitzaki moduan hartuta, bertan dagoen txabola/jatetxearen kanpoko mahi baten jarri eta txorixoari eta pare bat sagardo botilei kontuak atera genizkion.

Iturburuko mendatera itzultzeko Bidaniara doan bidetik joko dugu, ez dago galtzerik. Kotxeetara iritsi baino lehenago hasierako bidearekin bat egingo dugu, Iturburu mendatea (13:00).

Landetako Mendizabal jatetxean bazkaria enkargatu eta Azpeitira joan ginen oinez pare bat ardo edatera. Bazkaria oso ona, 13 €, merkea, zapatua dela kontuan izanda. Kafeekin eta pare bat kopatxoekin 15 € pertsonako.

Powered by Wikiloc