Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Guratz
Altuera 956 m.
Kokapena 43.05895,-1.92980
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak
Ibilbidea egindako eguna 2019-02-26
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Gorriti
Ibilbidearen helmuga Gorriti
Denbora igotzen 2:20 h.
Denbora guztira 3:20 h.
Distantzia 12,2 km.
Igoera desnibela 561 m.
Jeitsiera desnibela 561 m.

Guratz

  • Eibartik irteera: 8:30etan
  • Parte-hartzaileak: Josetxo, Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Ángel, Roberto, Mari Carmen, Andoni, Agustín, Arrate eta Joserra.
  • Autoak: Roberto, Iñaxio y Josetxo.

Gorritira abiatu gara Eirbatik 8:30etan irtenda. 9:30etan hasi gara oinez NA-4011 errepidetik hego aldera hartuz, baina laster utzi egingo dugu pista bat hartuz norabidea mantentzeko, errepideak eskumara egiten duelako, dena dela, pista ere berehala laga dugu (9:40), gure ezkerrean azaldu den lehengo bidetik gora egiteko. Pagadi handi baten barrena eta altura hartzen goazela, apurka-apurka eskumarantz biratzen joan gara basoan gorantz egiteko toki egokienak aukeratuz, modu errazean iritsi gara Akordetagañako tontor garbira (866 m.) (10:05). Gure aurrean, parez-pare, Aralarreko Malloak bere edertasunean, gaurko ibilaldian askotan ikusiko ditugunak.

Behera egin dugu mendi bizkarra utzi gabe (Ekialde), laster ezkerrerantz bihurtzen joango da bidegurutze batera jaitsi arte (10:18), han eskumara hartu, orain bidea markatuta ikusiko dugu. Denok txunditu gara paisaiaren edertasunekin, bidean txandatzen doaz pago biluztuak eta zelaia berdeak.

Lepo moduko baten dagoen beste bidegurutze batera iritsi gara (10:32), gure ezkerrean Sta. Cruz baseliza dugula, aurrera egin dugu eta, berehala, beste baten gaude (10:34), hemen ere aurrera jo dugu. Behean Uitzi herria ikus dezakegu, 10:45etan heldu gara bertara.

Bertan zerbait jan-edaten gelditu gara. Herrian hamaika etxe handi eta eder ikusi ditugu, baina ugariak dira ere erdi abandonatuak edo salgai daudenak, pena eman digu egoerak.

Behera egin dugu kaleetatik zehar Leitza eta Lekunberri lotzen duen errepidera jaitsi arte (NA-1700), hau ezkerrera hartu dugu gorantz egiteko, eta herria utzi baino lehen, laga egin dugu etxe batzuen artetik doan bide batetik gora egiteko gure eskumatik (11:03). Marra ahul batzuk ikusiko ditugu ibilbidearen pusketa honetan. Laster, ezkerrera hartuko dugun bidegurutze batera heldu gara (11:07) eta problemarik gabe Uitziko mendatera ailegatu (11:26), zeharkatu eta, bide markatuari jarraituz, orain pagaditik gero zelaietatik,tontorrera erraz heldu gara Guratz (956 m) (11:50). Ostera ere Malloak gure aurrean ditugu.

Mendebaleko norabidea hartuz, azken jaitsierari ekin diogu mendi bizkarretik, GR-9ren marra zuri-gorriek markatzen dute gure bidea, soilik autobiara iristear gaudela (12:37) bidea utzi dugu ezkerrera jotzeko Gorriti aldera, bertan gaude berehala (12.50).

Gaurko ibilbidea nahiko motza izan arren denoi asko gustatu zaigu.

Iturri baten freskatu ondoren, Berekoetxea jatetxera jo dugu bazkaltzera, eguraldi ona medio, kanpoan zerbait hartu dugu jan gelara pasa aurretik. 14€ko menu on bat daukate, pitxerretan ateratzen dute urteko ardo nafarra. Orokorrean gustura atera gara, bai jakiekin bai zerbitzuarekin. Gaur kafeak eta patxaranak (etxekoa) Julianek ordaindu ditu bere urtebetetzea pasa delako.

Powered by Wikiloc