Eibartik irteera: 9etan.
Parte-hartzaileak: Julian, Iñaxio, Garate, Pintado, Josetxo, Arrate, Roberto, Mari Carmen, Joserra, Moya, Angel eta Andoni.
Autoak: Josetxo, Garate eta Iñaxio.
Iturriotzetik ekin eta ibilaldi zirkular bat egiteko asmokin abiatu gara, eskumatik hasi, Erdoiztatik pasa, eta ezkerretik itzultzeko.
10:00ak dira Iturriotzetik oinez hasi garenean, bere ezkerrean Zelatun-Hernio aldera doan bidea eta Iturriotz baserria uzten dituen Hego-mendebaldera doan bidea hartuz.
Erdoiztara doan bidea eten gabeko gora-beherak egiten ditu, beti baso barrenetik, erreka estuak zeharkatu eta ur-jauziak ikusiko ditugu, jende gutxi ibiltzen den paraje berezia. Lehenengo bidegurutzean (10:22) ezkerretara jo dugu, laster lehenbiziko erreka pasa dugu (10:35), berehala beste errekan batean gaude (10:39) , hurrengo bidegurutzean (10:48) aurrera egin dugu eta beherantz egin da gero beste errekatxu bat pasa dugu (10:58), bide zabala utzi gabe iritsi gara Erdoiztara (11:14). Bere ermita borobila bisitatu dugu.
Hemendik aurrera zeharo aldatzen da ingurua, zelai garbietatik ibiliko gara, itsasora ere iristen diren bista zabalekin.
Erdoiztatik irten gara etorri garen bidetik, orain , baina, belardietatik zehar Hego-mendebalderantz gorantz doan bide garbitik joanda, lepo zabal batera ailegatutakoan (11:38), ezkerrera jo dugu, marra zuri-gorriekin markatutako pista batetik (GR-35), pista honek Mendibeltz mendiaren oinera igoko gaitu (12:07).Puntu honetan Zelatunera doan GR-35 utzi, eta ezkerrera biratu dugu tontorreraino garamatzan aldapa piko bat hartzeko, Mendibeltz (963 m) (12:22). Mendi bizkar zabalari jarraituz laster gaude hurrengo puntan, Gazume (1.001 m) (12:32). Bista ederrak inguruan, aurrean, berriz , harro, Hernio mendia daukagu.
Hernio aurrean dugula oso ibilitako bidetik Zelatunera jaitsi gara (13:05).
Antonioren bordan bazkaria daukagu enkargatuta. Ez dute eguneko menurik. Bazkaria, bere kafe eta patxaranekin, 20 €tan jarri da. Pozik atera gara bai janariekin , bai zerbitzuarekin.
Iturriotzera, ondo markatuta, doan (Ipar aldera) bidea hartuz 15:30etan berrekin diogu ibilbideari, 16:15etarako bertan ginen.
Mendi jarduera berezi ederra izan da gaurkoa.
btfhdr