Lurraldea Bizkaia
Mendikatea Legarmendi
Altuera 782 m.
Kokapena 43.16981,-2.71318
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Gantzorrotz, Gainzorrotz
Ibilbidea egindako eguna 2014-05-05
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Zornotza
Ibilbidearen helmuga Durango
Denbora igotzen 2:37 h.
Denbora guztira 5:00 h.
Distantzia 16 km.
Igoera desnibela 1124 m.
Jeitsiera desnibela 1095 m.

Gantzorrotz

Aurtengo Martxoaren 20an ahalegindu ginen, Durangotik irtenda, Ganzorrotzera joaten, baina ez genuen asmatu. Naiz eta eguraldi ona izan, Apala mendian bukatu genuen. Beraz hau da bigarren ahalegina.

Oraingoan Zornotzatik goaz. Eibarren trena hartu goizeko 8:10etan eta 9etako kanpaien hotsak entzunez, oinez hasten gara. Oraingoan, Julian, Angel, Garate eta Andoni dira taldean. Eguraldi ona, hasieran 9º baina laster berotzen joango da.

Belatxikietara doan GR-229tik joan behar dugu, badaude aukerak bidezidorrak hartu eta bidea mozteko, horrela eginda ordu bete baten Mandabietako iturrira heltzen gara (10:05) , hemen GR utzi eta gorantz doan bide batetik joko dugu. Laster beste iturri bat(10:20) eta berehala Belatxikietan gaude(10:23), gure aurrean izen berdineko mendi tontortxoa daukagu eta di da batean puntan gaude (662m) (10:26).

Belatxikietatik zuri/hori markak dituen bide batek irteten du Mugarrikolandara. Bide hau gure aurrean dauden haitzetarantz doa eta gero hauek ezkerrean utziko ditu. Markak jarraituz, Artaunera doan bideekin topo egingo dugu (10:46), gu ezkerretara Mugarrikolandaruntz. Gure eskuman Urtemondo ikusi dugu eta gero atzean utzi. Horrela lepo batera ailegatuko gara (11:20), ezkerrean Ganzorrotz ikus daiteke. Atsedena hartzen dugu hemen eta gerotxoago igoerari ekiten diogu. Toki batzuetan lau hankatara baina, hala ere, errez eta laster gaude Ganzorrotzeko tontorrean (782m) (11:37). Eguraldi zoragarria gozatuz, etorri garen beste aldetik, goitik behera abiatzen gara lepoan utzitako bidea berreskuratzeko beste aldean. Julianek udaberriko ziza batzuk topatu ditu.

Berriz lehengo bidea hartuta, behetik gora goazela ostera ere Artaunera doan bide gurutze batera iristen gara(12:22), guk Mugarrikolandara doan bidetik jarraituko dugu, laster bidea goitik behera hasten da (12:30), hemen bide hau utzi egin behar dugu ezkerretara jotzeko eta harriekin markatuta dagoen bidezidor bat hartuko dugu lepo bateraino. Hemen bidea goitik behera hasten da eta berehala itxita dagoen harrobi batera iristen gara, bertan dagoen pistatik eskumara joango gara Durango aldera. Hamar minutu barru Mugarrikolanda aldera doan bide gurutze batekin topo egingo dugu(12:53), hemen pista utzi eta aurrera jarraituko dugu beherantz doan bide batetik. Bide honek Santa Luciara garamatza zuzenean. Durango aldera pista zabal batetik abiatzen gara, San Andres auzora ailegatutakoan, pista errepide bihurtzen da, zuzen Durangora ailegatzeko (14:00). Bero egiten du, 28ºtara iritsi da tenperatura.

Ezkurdi plazako iturri batean freskatu eta Txantonesa tabernara abiatzen gara bazkaltzera. Ondo jaten dugu, 7,5teko nota. Zurito banak, bi Errioxako ardo gorri botilak eta patxaranak 11€ izan behar zuen menua 19 €tan, jarri dute.

Berriz tren hartu eta etxera.

Powered by Wikiloc