Ganekogorta mendiak badu Euskal Herriko mendigoizaleen gomutan toki berezi bat, bera izan zelako mendi konkurtsoetan sartu zen lehenengo mendia 1.914. urtean. Baita ere, kontuan hartu behar dugu Bizkaiko Batzarretara deitzeko erabil zituztenekoen “bocinero”tariko bat dela. Esandako hauei gehitzen badiogu Pagasarriren hurbiltasuna eta tontorretik Bilboko inguruengan dauzkan bistak, erreza egingo zaigu ulertzea mendi honek bilbotarrengan sortzen duen erakarpena.
Eguraldi onekin jarraitzen dugu udazken honetan, lehor eta ondorioz perretxiko gutxi. Ganekogortara joateko Julian eta Andoni bakarrik batu gara, agian azkeneko orduan ibiltzen garelako gauzak antolatzen. Zortzietan irten gara Eibartik Julianen autoan eta, Bilbao zeharkatu eta gero, Alonsotegiko Azordiaga auzoan gaude 8:50ean, oinez hasteko prest.
Hasieran duda batzuk dauzkagu nondik jo behar dugun erabakitzeko, inguruan zebilen gizon bati galdetu eta berak esandako bidetik abiatzen ginen. Gero ikusi genuen bazegoela beste aukera bat, agian hobea, hartu genuen bidea errepide eta pista asko zituelako. Hartu genuen bidea errepide bat da Pagasarri aldera doana, seinaleak ditu, beraz erreza da jarraitzea. Bide bertan ikusiko dugu, ere , Potxolo jantokira joateko seinaleak, bertatik pasako gara.
Bidea lehenengo errepidea da, gero porlanezko pista –Potxolo jantokiraino- eta handik aurrera pista normala Pagasarrira eta Ganekogortara doazen bideak bereizi egiten diren lepora iritsi arte. (10:22) . Hona ailegatu arte bidea oso atsegina egin zaigu, gorantz modu suabe baten egiten dualako, pena da bide osoa pinudi barna izatea, inguru hauetan ez da ikusten beste motako basorik.
Lepo honetan Pagasarrira doan pista laga eta eskumara joko dugu Ganekogorta aldera doan bide hartuta. Hemendik gora ,jende asko ibiltzen den tokia izanik, erraz egingo zaigu bideari jarraitzea.
Honaino eguraldi epela izan dugu baina goi aldean hego-haizeak gogok jotzen du eta hotza dator, arropak jantzi behar izan ditugu, Ganekogortako tontorrean (999 m) (11:10) nekez egon daiteke haize ufadengatik. Argazki kamera ere ezin da tente eutsi bere tripode gainean. Beraz laster egiten dugu behe aldera, ekarri dugun norabidea mantenduz baina mendi kordela utzi eta eskumara (Ipar/mendebalde) zelaiak zeharkatuz behean dakusagun, lepo batean, argindarreko zutoin handi baterantz, jaisten den pendiza gogorra da . Gongeda lepoa (11:50). Nora bidea mantenduz gure ezkerrean utziko dugu Gongedako tontorra eta pixka bat aurrerago Zamaia (616 m) (12:05) tontortxuekin topo egingo dugu.
Alde honetatik ere bidea ondo markaturik dago Alonsotegira itzultzeko, baina alde hau askoz ere politagoa da, hemendik joanda denetariko basoak ikus genezake, hori bai bukaeran berriro ere pinudiak aurkituko ditugu. Tontorra utzi eta laster ikusiko dugu Zamaiako meatzea (12:12), bide ertzean dago, ikusgarria.
Esan bezala markaturiko bidea jarraituz, hasieran bidea eta gero pista, Oro pik-nik gunea (mahaiak, iturria, ..)zeharkatu eta 13:22tarako Azordiaga auzoan gaude itzulia bukatuta.
Goiz denez etxera bazkaltzera bueltatzea erabakitzen dugu.