- Eibartik irteera: 8:00 etan
- Parte-hartzaileak: Julian, Angel, Pintado, Andoni
- Autoa: Julian
Irten baino ordu erdi lehenago euria zen eta dudekin abiatu gara , dena dela azkenean eguraldi ona izan dugu mendian ibili garen denbora osoan.
Autopista hartzen dugu Laudio aldera joateko eta handik Okondoko auzoa den Ugaldera. Lehenengo etxeetara iritsitakoan, Zurikaldai harresitutako palazioaren ondoan (bere eliza propioa ondoan daukana) kotxea aparkatu eta 8:55ean oinez hasi gara, etorri garen errepidea utzi (erreka ondotik doana) eta ekarri dugun norabidetik ezkerrean gorantz doan errepide batetik jo dugu.
Errepidetik goazela beti gorantz doan aukera hartuko dugu, pista bihurtzen da eta bide nagusitik jarraituta Landetako lepora iritsi gara (9:35), han, Gordexolatik datorren eta, Gallarragatik pasatuz,Laudiora doan, GR-123kin topo egin dugu. Seinale-tantaia.
Marrei jarraituz Kiputxeta lepo garbira ailegatu gara (10:05), gure bizkarrean dagoen izen berdineko mendira igo gara, Kiputxeta (728 m)(10:10), lepora itzuli gara eta belarditik doan bidezidor aldapatsu batetik Gallarragara igo gara (901 m) (10:40).
Gure aurrean Ganekogorta menditzarra dakusagu.Naiz eta eguraldi garbia izan haizeak gogor eta hotz jotzen du eta ezin da luzean egon tontorrean, argazkiak atera eta azkar abiatu gara, ekarri dugun norabidea mantenduz, mendi kordelari jarraituz, behe aldera. Belarditik behera , oso aldapatsu, doan bide-zidor batetik pista batera iritsi gara (11:00), hemen eskumara hartzen dugu eta oso bide garbitik Aguillatos (672 m) (11:28) mendiaren tontorrera iritsi gara. Ikusmira ederra Kadaguako bailarara eta inguruko mendietara.
Bide berdinetik itzultzen gara baina, Gallarragara berriz igo gabe, bide zabalari jarraituz. Kiputxetako lepoa gure ezkerrean utzi eta 100 bat metro aurrerago pista goitik behera hasten den tokian, pista utzi eta gure ezkerretara basotik barne zuzen behera doan bide-txingor batetik joanda, gorakoan Kiputxetako bizkarretik ekarri dugun bidearekin bat egingo dugu. Ekarritako bidetik bueltatatu gara Ugalde auzora(13:20).
Arropak aldatzen hasten garen unean euria hasi da, apenas busti gara. Laudiora abiatu gara bazkaltzera, orain euria gogotsu ari du, galdetuta Dorrea jatetxera joan gara bazkaltzera, menua 10 €, justukoa. Ardo gorri nafarra eskatu dugu asuntoa hobetzeko asmotan, ez digute aparte kobratu, kafeekin eta pare bat patxaran txupituekin ez da iritsi 13 €tara pertsonako.