Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Sarbil
Altuera 1136 m.
Kokapena 42.80099,-1.84605
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Etxauri, Sarbil
Ibilbidea egindako eguna 2018-05-17
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Azantza
Ibilbidearen helmuga Azantza
Denbora igotzen 1:15 h.
Denbora guztira 3:30 h.
Distantzia 12 km.
Igoera desnibela 545 m.
Jeitsiera desnibela 545 m.

Etxauriko haitzak

  • Eibartik irteera: 8:00 etan
  • Parte-hartzaileak: Andoni, Julián, Iñaxio, Roberto, Garate, Pintado, Arrate, Mari Carmen, Angel, Josetxo.
  • Autoak: Roberto, Garate.

Irurzun aldera abiatu gara eta, herriaren erdigunean, Errotz aldera doan NA-7.010 errepidea hartu dugu gero NA-7.020tik jarraitzeko Azantza herrira iritsi arte. Iturri baten ondoan aparkatu ditugu kotxeak. Egun garbia daukagu, laino batzuk Beriango tontorrean.

Gorantz suabe doan (Hego-ekialdera) pista bat hartuz ekin diogu txangoari (9:30), berehala bidegurutze batera heldutakoan (9:50) GR-220kin bat egin dugu, bertatik segi dugu norabidea mantenduz. Itzultzerakoan bertatik pasatuko gara baina kontrako norabidearekin. GR bidea ondo markaturik dago, poliki gorantz egiten du, hasieran zelai zabaletik eta gero baso barrenetik.

Behin pagadi barruan, bidegurutze zabal batera iritsi gara, ondo markatua (10:23), ezkerrera, Etxauriko haitzak (Sarbil bezala adierazita) eta Santa Cruz ermitara joateko, eta, aurrera, GR-220rekin jarraitzeko. Guk aurrera egin dugu, beste aldetik nahi dugulako igo, gero bertara jaisteko, zirkular txiki bat eginez. Bost minutu ibili ondoren (10:30) beste bidegurutze batera ailegatu gara, hito batekin markatuta dagoena, hemen, GRa eskumatik zuzen behera doa, ezkerretara, bestalde, gorantz garbi doan bidezidor bat, hau hartu dugu. Berehala, harkaitz bertikal batekin topo egin dugu, metro batzuetan eskuak ipini behar dira, soka bat dago lagungarri, erraz pasatu dugu, gero bidezidorrak eroso garamatza tontorreraino, Etxauriko haitzak (1.136 m) (10:45). Gailurrean Santa Cruz ermita gailentzen da, bere alboan aterpe txiki bat dago.

Bertan atseden hartu eta zerbait jan-edan dugu. Inguruko paisaiaz gozatzeko aukera ere izan dugu.

Itzulerako bideari mendiaren beste aldetik ekin diogu, bidezidorra garbi ikusten da eta erraz jaitsi gara goranzkoan pasa dugun bidegurutzera (11:05), oraingoan eskuineko bidetik joan gara, GR-220 berreskuratzen, etorritako bidetik bueltatzeko.

GRari jarraitzen badiogu zuzenean eramango gaitu, gure hurrengo helburua den, Mortxe tontorrera.

Basoa atzean utzita, puntu batera ailegatuko gara (11:12) non bi aukera izango ditugu, bata, GRtik segitu (hau da gomendagarriena), edo, guk hartu genuena, eskumara jo, hesi bat gurutzatuz, eta sasi artetik zelai handi batera jaitsi eta gero, ezkerrerantz joanez, bilatu toki egoki bat alanbrezko hesia pasatzeko eta GR-220ra itzultzeko.

Hartzen duguna hartuta ere, GR-220tik jarraitu behar da, Azantzara jaisteko bidegurutzean aurrera egin dugu (11:40). Hemen pinturekin, han harrizko hitoekin, GRa ondo markatua dago, poliki gorantz doan bidea “Azantzako Haritza” ondotik pasa eta modu errazean mendi tontorrera garamatza, Mortxe (12:30) (1.123 m). Eguna garbi mantentzen da eta paisajeaz goza genezake.

Azantza-ra itzultzea soilik falta zaigu, horretarako ekarri dugun bidetik bueltatu gara mendi bizkarretik, laster GR-220 (12:40) gure ezkerrera joaten utziko dugu, guk behera egin dugu bizkarra utzi barik (Mendebalde). Altura galtzen goazen heinean ezkerrera hartzen joan gara, zelai zabaletik barna, bide garbirik gabe, eroso iritsi gara Azantza-ra (13:00). Iturrian freskatu gara.

Bazkaltzera Etxarri-Aranatzeko Borda erretegira jo dugu. Oso ondo bazkaldu dugu. Menua, kafea barne, 12 €. Mantelik gabeko egurrezko mahaietan zerbitzen dute, telazko eskuzapiak. Zerbitzu ona eta ardoak urteko nafarrak. Patxaran kopa 3€. Nota altua.

Powered by Wikiloc