Lurraldea Nafarroa Beherea
Mendikatea Errozate-Mendizar
Altuera 1345 m.
Kokapena 43.04411,-1.17150
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak
Ibilbidea egindako eguna 2019-09-11
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Orion mendatea (Orbaitzeta)
Ibilbidearen helmuga Orion mendatea (Orbaitzeta)
Denbora igotzen 1:40 h.
Denbora guztira 3:50 h.
Distantzia 12,4 km.
Igoera desnibela 950 m.
Jeitsiera desnibela 950 m.

Errozate

SARRERA:

Irailak 11n atera gara Eibartik goizeko 7etan Izaba aldera joateko. Hiru eguneko egitasmoa daukagu pentsatua, egun bakoitzean mendi bat igotzeko asmokin; 1. egunean Errozate, 2.ean Lapazarra eta 3.ean Peña de la Virgen. Hamaika parte-hartzaile elkartu gara, Angel, Pintado, Garate, Joserra, Alfonso, Iñaxio, Arrate, Josetxo, Moya, Andoni eta Julian. Teruel bere kabuz doa, bere egitasmoekin. Lizarriturri ere joateko zen baina, bidaian kotxe istripu arin bat izan duenez, ezin izanda joan.

Izabako Txikin hartu dugu ostatua, pentsio erdian.

Lehenengo bi egunetan guk eramandakotik bazkaldu dugu, hirugarrenean, berriz, Liedenan, menua 12 €tan, oso pozik irten gara.

Irteera Orion mendatetik (Orbaitzeta): 9: 50etan.

Eibartik irtenda, Iruña pasa eta berehala dagoen gasolindegian gelditu gara, El Fogón tabernan kafe bat hartu eta azkeneko planak zehazteko.

Orbaitzeta pasa ondoren, eta Orbaitzetako Fabrikako norabidean goazela eskuman dagoen errepide bat hartu dugu Arrazola gunera joateko. Hemen, autoko 5€ ordaindu behar izan dugu aurrera jarraitu ahal izateko, kotxez jarraituz, agudo iritsi gara Orion mendatera, bertan autoak aparkatu ditugu. Iturri bat dago.

Iturri ondotik ipar aldera abiatzen den pista batetik ekin diogu txangoari 9:50 direnean. Pista bukatzen denean gure aurrean mendi-bizkar bat daukagu, guk eskuma aldera jo dugu aldapa zeharka igotzeko. Behin bizkar gainean garela, garbi ikusi dugu ipar aldera begiratuta gure helburua, Errozate mendia; gure eskuman, aldiz, gero igoko dugun Mendizar.

Gaur bezalako egun garbiekin ez dago galtzerik, ipar aldera egin dugu bizkar gain-gainetik Errozate lepora jaisteko, han 221 mugarritik ondotik pasa eta Nafarroa Beherean sartu gara (11:03), errepideazeharkatu eta azkeneko aldapari ekin diogu, hasieran errepidez eta gero belardietatik zehar, tontorrera ailegatu arte Errrozate (1.345 m.) (11:30). Nafar Pirinioren mendi gehienak begi aurrean ditugu, ikuspegi ederra.

Etorri garen bidetik ekin diogu itzuliari, honanzkoan gure eskuman utzi dugun Mendizar mendira joateko. Errozate lepora jaitsi eta gero, mendi-bizkarretik jarraitu dugu, orain hego alderantz eta gorantz eta hasierako bizkarrera ailegatutakoan, ezkerrera egin egunaren azkeneko aldatsa igotzeko, Mendizar (1.319 m.) (13:00).

Igo garen mendi-hegaletik jaisten gara, gero, Ezkanda mendi aldera doan bizkarretik, aurrera eginez (Mendebaldera), bere izeneko lepora ailegatu arte, bertan seinale-tantai bat dago. Hemen, mendiaren bizkarra utzi eta ezkerrera egin dugu behera, bidezidor bat bilatu dugu gorantzkoan etorri garen pistara jaisteko, eta berari jarraituz Orion mendatera itzuli gara (14:00).

Oso egun ederra izan dugu, ia denbora guztian goi-belardietatik zehar ibili garenez, ibilbidea erraz eta erosoa egin zaigu.

Arrazola gunera autoz itzuli gara, bertan iturri bat eta mahaiak ditugu, Julianek entsalada prestatu du, Iñaxiok eta Angelek, berriz, zahatoen ardura hartu dute. Jatordu eder baten ostean Izabara abiatu gara. Teruel zain daukagu bertan.

Powered by Wikiloc