- Irteera Eibartik: 7:30etan
- Parte-hartzaileak: Julian, Moya, Roberto, Pintado, Andoni
- Autoa: Roberto.
Oiartzun zeharkatu dugu Aritxulegi mendatera igotzeko, pixka bat lehenago dagoen, Arritxulo aterpean aparkatu dugu autoa. Oinez hasi gara (8:30) errepidearen eskumako aldetik, tunel gainean dagoen, Aritxulegiko lepora igotzeko (8:36). Hemen ezkerretara jo dugu (Ipar aldera), GR-121i Elurretxe aldera jarraituz. Aldapa gogor bat ekin eta laster laster (8:51) bidegurutze garrantzitsu batera ailegatu gara (markatua), hemen GRa utzi eta eskumara jo behar dugu, haitz-gailurren aldera, bide-txingor piku batetik.
Hemendik aurrera bide zidorrari jarraitu behar zaio, marrak ere baditugu dudan egonez gero. Lehen haitz-gailurra ezker bazterretik pasatu dugu eta gero trepada txiki bat egin da Erroilbide (842 m) (9:32) tontorrera ailegatu gara. Goi-laino batzuk izan-arren ikuspegi ederra daukagu itsas aldera eta bere inguruko mendietara.
Bide zidorrak goi gailurretik garamatza eta, eguraldi ederra medio, paisaiekin goza genezake. Laster aurkitu gara Txurrumururen beheko aldean, orain gure arreta behar duen igoera baten aurrean gaude, baina ez dago problema handirik esku-leku asko dauzkagulako eta, gainera, burdinazko uztai bat ere badagoelako igoeran laguntzeko, Txurrumurru (812 m) (10:00).
Gaur ikusi dugun lehenengo pertsonak topatu ditugu tontorrean, gure kontrako norabidea dakarte, baina txakur batekin doazela ezin izango dute jaitsi guk igo dugun haitzartea, bueltatu egiten dira.
Mendi bizkar ondotik doan bide-txingorrari jarraituz erraz iritsi gara Hirumugarrieta.ra (812 m) (10:15). Hemen hasten da Elurretxeko lepo alderako jaitsiera. Haitzak utzi eta basoan sartu baino lehenago Muganix (758 m) (10:30) mendixkatik pasatu gara. Basoaren barnatik behera eginda Elurretxeko mendatera ailegatu gara(10:50). Zerbait jan eta atseden txiki bat hartu dugu.
Bertan, lehen utzitako, GR-121 daukagu, eta orain kontrako norabidean hartu dugu Aritxulegira itzultzeko. Bidea ondo markatua dago eta pagadi zoragarri baten barna garamatza. Lehen utzitako bidegurutzeari ailegatu baino lehenago aldapa gogor bati aurre egin behar diogu, postrea. Besterik gabe iristen gara Aritxulegiko lepora (12:15). Aterpe aurrean dagoen mangera batekin freska-aldi ederra hartu dugu.