Hau da bigarrena ehun mendiko zerrendan. Ibilaldia trabesi moduan antolatzen dugu, Mendarotik igo Erlora eta Azpeitira jaitsi. Horretarako trena daukagu Eibarren goizeko 8etan eta autobusa Azpeitian itzultzeko.
Orain dela egun batzuk Julianek izterrean gihar etendura izan du eta ezin du ibili, hori dela eta autoz etorriko da Azpeitira gurekin bazkaltzera eta berekin itzuliko gara.
Julianek ezin duela eta beste inor ez denez apuntatu, gaurkoa Anjel eta biok bakarrik egingo dugu. Udaberriko eguraldia izango dugu egun guztian zehar, goizean 7º eta Azpeitira jaisten, eguzkitan, 20tik gora. Mendi lepoetan haize fresko dabil, baina ez du trabarik egiten.
Goizeko 8:35 dira trena lagatzen dugunean, ibilbidean Kilimon erreka ondotik hasten dugu. Erreka ur askokin dator, ur garbia, gardena, ez da sarritan hau ikusten gure Herrian, ahateak ere errekondoan, ez dira asko ikaratzen gu ikustean. Lehenengo 3,3 kilometroak errepidez dira, Lizarrola baserrira ailegatu arte. Hemendik aurrera errepidea pista bihurtzen da, baina norabide berdinekin jarraitzen du. Laster pista hau bide gurutze baten desagertzen da , gure aurrean Atxuri haitza ikus genezake, gure bidea ezkerrera doana da. Bide hau, basoan, gorantz doa indartsu, gure eskuman Pagolaza erreka jaisten da kantari, eta luzean lagunduko digu. Halako batean Pagolaza baserrian azpiko aldean dagoen zelaian aurkituko gara, gorantz jo eta baserria erditik gurutzatuko dugu. Ez da atsegina, txakurrak solte daudelako, inor ez da azaltzen txakurrak gobernatzeko. Ezker aldera joanaz, baserriko goi aldean azaltzen den pagadia igoko dugu, pista lagata. Lepora doan bidea aurkituko dugu eta errez aurkituko gara Larraskandako lepoan. Bi ordu daramagu ibiltzen. Gure ezker aldean Otarre mendiko antena ikus genezake. Guk eskumara jo behar dugu.
Aittolako bidea marka zuri/horiekin seinalatuta dago eta oso erraza da jarraitzea. Beste ordu bete barru han gaude, goizeko 11:30 dira. Bertan dauden mahaietako batean eseriko gara zerbait jan eta edateko. Naiz eta eguraldi ona izan , haize fina dabil eta arropa jantzi behar dugu egonean egoteko.
Erloko bideari ekiten diogu, hemen ere markak daude, berdeak kasu honetan. Izkiturrin tragoa egiteko geldituko gara, eta, Xoxote gure eskuman utzita (markak harantz doaz), besterik gabe 13:00tan Erloko tontorrera iritsiko gara.
Erlo puntatik norabide berdinekin aurrera segitu ezkero, 300 bat metro aurrerago, gure eskuman, harri artean goitik behera zuzen doan bide-zur bat aurkituko dugu, jo bertatik, naiz eta estua izan, ondo zapalduta dago. Beheko zelaian Xoxotetik datorren bideekin bat egingo du, eta berehala Azketa iturrian gaude. Berriz marka berdeak azaltzen dira, orain Azpeitiraino lagunduko digute, bidea garbia eta zabala da, nabarmena azpeitiarrak sarri dabiltzala Izarraitzen.
Jaitsieran eguzkiak gogor jotzen gaitu, uda dirudi. 14:30etan Azpeitira ailegatzen gara. Iturri Txikin freskatu eta Julianekin bat eginda, Patxo tabernara zuzen abiatzen gara bazkaltzera .
Ondo ematen digute, menua eskatu baino lehenago sopa bat atera ziguten, esker onez hartu ere bai, hain beste izerdi aterata ondo baino hobeto sartu zitzaigun.