- Irteera Eibartik: 8:00etan
- Parte-hartzaileak: Andoni, Julián, Iñaxio, Roberto, Garate, Pintado, Josetxo.
- Autoak: Josetxo, Iñaxio.
Iruñea aldera abiatu gara Monreal-Elo herrira iristeko, hemendik emango diogu hasiera gaurko txangoari. Herrian dauden parkeen ondoan aparkatu ditugu kotxeak, bertan dauzkagu iturriak eta mahaiak, lagungarri izango dira freskatzeko itzulitakoan. Gure aurrean ditugun mendiak lainoz estalita azaltzen zaizkigu, baina horregatik ez ditugu asmoak aldatu.
Ibilaldiari Higako antenara doan errepidea hartuz ekin diogu (9:30) (Hego-ekialde), eta ezkerrera doan bigarren bihurgunean utzi eta eskumara hartu dugu Malpica deritzon pista zabal batetik. Pista honek mendiaren Ipar alde osoa zeharkatzen du eskuma aldera (gure ikuspuntutik begiratuta) eta bere gorako bidean Diablozulo bezala ezagutzen den arroilara hurbiltzen da, pista utzi gabe, Labeko zelaietan dagoen bidegurutze zabal batera heldu gara (10:41), gure bidea ezkerretik doa, hito batek markatzen du, laster, berriz ezkerretara jo beharko dugu (10:42) hitoei jarraituz. Ondo markatutako bideak, Txapaeta lepora igotzen gaitu (10:50), bide gurutzea, ezkerrera hartuko dugu hitoei kasu eginez. Alde batetik ,altura hartzen ari garelako, eta, bestetik, eguraldia garbitzeari eman diolako, Alaitz mendi-lerroko eolikoak gure aurrean ikus ditzakegu.
Bideak Gargasio-ko harkaitzetara eraman gaitu (11:18), hemen, haitzetatik igotzen lagungarri izan daitezkeen eta ia goraino doazen, kateak topatu ditugu, Higa (Elomendi) (1.295 m) (11:36).
Tontorrean dagoen antena erraldoiak izugarrizko kontrastea egiten du udaberriko paisaia berdearekin. Antena handi honekin ezin danez gozatu bistekin, apur beherago dagoen Santa Barbara ermitara jaitsi gara atseden hartzera. Orain,eguraldia zeharo garbia.
Zerbait jan-edan ostean, beherako bideari ekin diogu antenako errepidetik. Eskumarako hirugarren bihurgunean, errepide utzi eta behera zuzen doan bidezidor batetik jo dugu, ondo markatuta dago eta, hiruzpalau aldiz errepidea gurutzatu eta gero, herrira iritsi gara, Monrela-Elo (13:05). Beherakoan ziza bila ibili arren ez dugu batere topatu.
Iturrietan freskatu ondoren, kotxeak hartu eta Arbizu-ra joan gara bazkaltzera, Izar-Ondo ostatura. Menu ona daukate, zerbitzu ere ona, mantelak eta telazko eskuzapiak , ardoa urteko nafarra. Prezioa ere bere neurrikoa, 14,3 €. Baina kafeak (1,65 €) eta patxaranak (3,85) oso garestiak iruditu zaizkigu.


















