Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Bianditz
Altuera 844 m.
Kokapena 43.24688,-1.79075
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Arrizkoetxolagaina
Ibilbidea egindako eguna 2015-03-10
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Aritxulegi mendatea
Ibilbidearen helmuga Aritxulegi mendatea
Denbora igotzen 4:25 h.
Denbora guztira 5:20 h.
Distantzia 17,2 km.
Igoera desnibela 1210 m.
Jeitsiera desnibela 1210 m.

Bianditz

Neguaren txarrena atzean gelditu dela dirudi eta azken egunetako eguraldi onak jarraitzen du. Nahiz eta goiza hotza izan, zerua garbi dago eta egun eguzkitsua iragarrita daukagu. Hitzordua goizeko 8etan Eibarren, Angelek kotxea daramalako bere garaje aurrean bildu gara besteok, Julian, Garate, Pintado eta Andoni.

Oiartzun herria zeharkatuz Lesakara doan errepidea hartu dugu Aritxulegi mendateraino, bertan Arritxulo taberna ondoan lagatzen dugu autoa. Goizeko 9:10 dira oinez hasteko prestatu garenean, udaberriko giro medio , Julian animatu da, aurten estreinako, praka motzak janztera.

Gaurko egitasmoa Bianditz mendira igotzea bada ere, aurretik zeharkaldi zirkular bat egingo dugu, eta horrela, Bianditz gain, Kapakarri eta Agina, ere, igoko ditugu.

Oinez hasita Aritxulegiko mendatean dagoen tunelari gaina hartuko diogu, bidea markatua dago, hemen Bianditzera joateko seinalea dakusagu, baina, esan bezala, zirkularra egin behar dugunez, hau utzi eta tunela gainetik zeharkatuko dugu, eta “Elezarreta” bezala markatuta dagoen bidetik joko dugu. Bidetik beti beherantz doan aukera hartuko dugu Endara (San Anton) urtegiraino, han topo egingo dugu Aritxulegitik datorren errepidetik (9:50).

Gure aurrean Kapakarri mendia daukagu, izugarrizko paretekin, oso pikea, hau ikusita Angelek, igoera hau saihesteko, hurrengo leporaino errepidez joatea erabaki du. Urtegia pasatu horma gainetik eta, Angeli gero arte esanda, berehala ezkerretara jo dugu bide zabal batetik. Hasieran bidea zabala da, eta poliki doa gorantz, baina laster bidezidor bihurtzen da eta zuzen ekiten dio aldapari. Basotik irten ala, gure aurrean izugarrizko aldapa agertzen da, belar luzea eta sastraka, hasierako bidezidorra ganadu bide bihurtzen da laster eta goiko haitzetara hurbiltzen goazen heinean, hori ere ez, bide arrastorik ez. Haitzen ondotik gora egiteko lau hankatara behar du izan, harkaitzek ez digute irteerarik erakusten eta GPSari esker aurrera egin dugu goiko hegira ailegatu arte, ia ia haginak ere erabili behar izan ditugu ez amiltzeko. Mendi bizkarrari goia hartu eta gero, errez goaz tontorreraino, Kapakarri (596 m) (10:50). Kosta egin zaigu baina orain pozik gaude, gure aurrean mendira honetara igotzeko bide normala eta han behean Angel dakusagu Telleriako lepoan, gure zain, zerbait edan eta laster gaude bertan (11:06).

Gu iritsi baino lehen Angel abiatu da Agina mendi aldera, horrela, gu leporaino ailegatutakoan pista zeharkatu eta berehala betik gora ekin diogu gora. Hasieran basoan baina laster zelai zabal eta garbiak igoaz erraz ailegatzen gara Aginako(818m) tontorrera (11:35). Denok bat egin dugu mendi puntan.

Jaitsierako bidea hartzeko, tontorrean ezkerretara aldatu behar dugu ekarri dugun norabidea, eta eguzkiaz gozatuz laster Agina mendatean (11:50) gaude.

Mendatea zuzen zeharkatu eta gure aurrean dugun bide zabalari ekingo diogu, 10 minutu barru Aita Donostiaren estela eta ondoko baselizan gaude, tumuluak nonahi , inguru hauetan 120 monumentu megalitiko baino gehiago ei daude. Paraje ederra ibiltzeko. Gure eskumatara bailera handi bat eta bere sakonean Domiko urtegia, Bianditz mendia beste aldean dagoenez haranari (erlojuen horratzen norabidearekin) itzuli osoa emango diogu, horretarako behe aldera doazen bideak utzi eta beti lau edo gorantz doazenak aukeratuko ditugu, markatua dago. Aita Donostia estelatik 15 minutura (12:15) pagadi eder baten erdian mahai bat eta iturria topatuko ditugu, toki ederra atsedena hartzeko.

Bidea, seinalea eta marrak zuri/horiak, baso barrenetik igotzen joango gara, gure eskerretara Bidango mendia utziko dugu eta horrela Bidangoko lepora iritsiko gara, gure aurrean Galtzarrieta mendia ikus dezakegu eta aukera onena bertatik joatea da Bianditzera iristeko, baina gu ezkerretik jo genuen markatutako bide batetik baina damutu ginen, bideak igo beharrean itzuli egiten dio, horrela, bidea utzi eta zuzen, eskumatara, hartu behar izan genuen izugarrizko aldapa igoaz Bianditzko puntara (844 m) (13:35) ailegatzeko.

Mendi bizkarrari jarraituz , hasieran Ekialdera eta laster Iparraldera hartuta, bidea markatuta topatuko dugu, aurrean Aia Harriak zuzentzen ditu gure pausoak, eskumara gaur igotako mendiak. Zelaitik zelaira joanez iristen gara Aritxulegira (14:25)

Arritxulo taberna ondoan daukagun iturri batek freskatzen laguntzen digu, aldatu eta kotxez abiatzen gara Oiartzun aldera, bere sarreran Ergoien auzoan dagoen Tolare jatetxean bazkaldu dugu, Garaten aholkua, oso toki ona. 8tik gorako nota merezi du.

Nik ez dut jan aurreneko plateri, eta digute kobratu, detaile handi izanda, hala ere denok edan dugu kafea, potxarat kopa eta bi txupito, 10,5 € bakoitzekarena. Aukera asko eta ona, zerbitzu ona ere bai.

Powered by Wikiloc