- Eibartik irteera: 8:00etan
- Parte-hartzaileak: Julián, Pintado, Andoni, Joserra, Iñaxio, Arrate, Agustin eta Garate
- Autoak: Julian eta Garate
Urbasara abiatu gara Altsasutik pasata, mendatea igo eta berehala, errepidearen ezker aldean dagoen eraikin baten ondoan aparkatu ditugu autoak. Goietan egun garbia daukagu , bailarak, berriz, lainoz estalita.
Oinez hasi gara (8:55) errepideari bizkarra emanez eta aldapatxoa igotzen ezker alderako joerekin (Ipar-mendebalde), laster, hitoekin markatuta dagoen bidezidor batekin bat egin, eta berari jarraituz eroso egin dugu gorantz Sakana aldera ematen duen amildegira iritsi arte. Hemen eskumara hartu eta mendi bizkarrari jarraituz egingo dugu gaurko ibilaldiaren denbora gehiena, Ekialderantz, Sakanako harana gure ezkerrean daukagula.
Bidezidorretik gorantz segituz, Altsasutik datorren bidearen ataka zeharkatu (9:45), eta laster topo egin dugu Bargagain (1.153 m.) (9:55) mendiaren tontorrean dagoen gurutzearekin.
Bidezidorrari jarraituz egin dugu aurrera, belardiak eta arrokazko zoruak txandakatuz, beti adi bidea ez galtzeko, marra zuri-horiak laguntzen digute lan horretan. Horrela, Ixuripunta (1.133 m) (10:35) eta Balankaleku (1.106 m) (10:50) mendietatik pasatu gara, harkaitzak atzean utzi eta belardi zabaletara iritsi baino lehen. Eki aldera joanez jarraitu dugu mendi bizkar ondotik, oraindik lainopean dagoen Sakana gure ezkerrean mantenduz, Santa Marina (1.064) (11:47) mendiaren buzoiekin bat egin arte. Itzelezko bistak Aralar eta Beriain aldera.
Hemendik ekin diogu itzultzeko bideari. Bertan dagoen Santa Marina Baseliza-aterpera jaitsi gara lehenbizi (11:53), oso ondo zainduta topatu dugu, gero hegoaldera jarraitu jaisten bidegurutze bateraino (12:02), eta hemen eskumara jo, Mendebaldera hartuz, norabide hau mantenduko dugu errepidera itzuli arte, hau da, Sakana aldera ematen duten mendiak gure eskuman ditugula.
Laster pinadi zabaletan sartu gara eta aurrerago, izugarrizko pagadi ederretan barna. Aurrerago, beste bidegurutze batean (12:13), ezkerrera hartu dugu, hurrengoan, berriz (12:30), eskumara. Hemendik aurrera hitoak dauzkagu bidea markatzen errepidera ailegatu arte (13:10), eskumara hartu eta berari segituz iritsi gara autoetara (13:15). Eraikinaren ostean iturri bat dago, gaur ez du urik baina, behin-behineko izango delakoaren itxaropenarekin joan gara.
Otzaurteko bentara jo dugu bazkaltzera, menu on bat daukate 12€tan, zabala eta etxeko jakiekin, baina, ardo korrienteak eta paperezko mantelak eta eskuzapiak. Etxean egindako patxarana eskaini digute, nahiko egin berria, heldugabea, 3€ kopako.