- Eibartik irteera: 8:00etan
- Parte-hartzaileak: Julián, Pintado, Andoni, Garate, Josetxo, Arrate, Agustin eta Azpeitia
- Autoak: Julian eta Andoni
Etzegarate mendatera joan gara bertatik gaurko txangoa egiteko. Ibilbide zirkular bat egingo dugu, motza eta erraza, baina oso jende gutxi ibiltzen den paraje naturaletik zehar.
Bertan dagoen taberna ondoan aparkatu eta (8:45) errepidetik behera egin dugu oinez, A-1 autobidea azpitik zeharkatuz beste aldera pasatzeko.
Behin beste aldean, lehengo N-1 errepide zaharra hartu dugu Ipar aldera (Gipuzkoa aldera), horrela , gaur itxita dagoen, Buenos Aires Jatetxearen eraikinera ailegatu gara, bere aurrean, eskumara jo dugu mendirantz doan pista batetik, hurrengo bidegurutzean (9:03) berriz eskumara marra zuri-horiei jarraituz eta aurrerago berriz eskumara marrei segituz (9:09).
Bidetik gorantz eginez, toki baten (9:13), pinturak eskumara markatzen dute, hauek utzi eta aurrera egin dugu dakargun bidetik, baina laster, (9:20) guk ere eskumara hartu dugu mendi-bizkarrera igotzeko eta Unanibi (9:22) lepora iristeko. Gure ezkerrean garbi ikus dezakegu Egiroeta (893 m) (9:28) mendira garamatzan aldapa belartsua. Egun haizetsu daukagu, baina ederra ibiltzeko.
Etorri garen bidetik egin dugu behera, Unanibi lepora itzultzeko, eta hemendik zuzen gorantz aurrean daukagun mendi-bizkarrera igotzeko (9:52) eta, behin hemen, ezkerrera jo, Atxu (979 m) (9:58) mendira erraz igotzeko.
Etorri garen tokitik egin dugu behera, baina orain kordeletik jarraitu dugu aurrera (eskuman utzita Egiroetatik ekarri dugun bidea), basotik zehar goaz orain, berriro marra zuri-horiak gure lagun, alanbrezko hesi bat gure ezkerrean dugula, Balankaleku (985 m) (10:45) tontorrera ailegatu gara. Apenas perretxikoren bat.
Beherako bidea hartzeko, tontorrean bertan, heziaren beste aldera pasa gara, gure ezkerrean dagoen magaletik behera doan bidezidor garbi bat hartzeko. Bide gurutze zabal batera iritsita (11:00), GR-12ren marra zuri-gorriak dauzkagu, hemen, eskumara biratu dugu GR marrei segitzeko Etzegarate aldera. Etzegaratera heltzear gaudenean GRa utzi dugu, berriz A-1 azpitik pasa eta hasierako puntura ailegatzeko (11:45).
Deporreko urte bukaerakoko bazkaria enkargatzeko asmokin, Mandubiara hurbildu gara bazkaltzera. 13€ko menua, ardoak Errioxakoak eta Nafarrak, telazko mantelak eta eskuzapiak, janariak onak eta hobeto aurkeztuak. Benetan bikainezko kalitate eta prezioaren erlazioa.