SARRERA:
Hiru eguneko irteera egiteko Ekainak 6an atera ginen Eibartik goizeko 7etan Izaba aldera, mendi hauek igotzeko asmoz, Larratza (1), Baines (2) eta Kakueta (3). Guztira 13 lagun, Ángel, Pintado, Roberto, Mari Carmen, Garate, Iñaxio, Julian, Moya, Joserra, Andoni, Agustin eta Josetxo. Taldea Lizarriturrik osatzen du, honek bere programa du eta bere kabuz ibiliko da:
Joserrak, Andonik, Angelek eta Garatek ipintzen dituzte autoak. Lizarriturrik berea darama.
Txiki-n hartu dugu ostatu, pentsio erdia, 37€ eguneko eta pertsonako, gosaria eta afaria barne, aurrekoan baino 2 € merkeago. Azkeneko egunean Diegok, bertako jabeak, bi botila patxaran oparitu dizkigu. Janarien kalitateekin eta zerbitzuekin pozik irten gara.
Eguraldi txarragatik, lehenengo eta bigarren egunetan guk eramandako janariak Txiki ostatuan jan ditugu, ez digute eragozpenik jarri, solik, menuak emateari bakatu arte zain egon behar ginela. Azkeneko egunean Hotel Isaba-n bazkaldu genuen, menua 16€, kafeekin 17,2 €..Oso arrunta iruditu zitzaigun ordaindutako preziorako.
Irteera Belabartze.tik: 8:41etan
8:00etan gosaldu eta abiatu gara, gaur egun eguzkitsua daukagu, dena dela, 2.000 metro altuerako tontorrak lainopean daude. Euri zaparrada txiki bat izango dugu txangoa bukatutakoan.
Belabartzeko 3,3. kilometroan aparkatu ditugu autoak, bide bazterreko toki zabal bat aprobetxatuz, eta errepidez oinez hasi gara (8:41) Zuriza aldera hartuta. 4. Kilometroa pasatutakoan gure eskuman abeletxe bat daukagu, hemen ,errepidea utzi eta bere ondotik behera egingo dugu erreka aldera, aurreko egunetan euri asko egin duenez ur gainezka datok. Ez dago erraza zeharkatzeko, batzuk botak eranztea erabaki dute beste aldera pasatzeko. Behin beste aldean, apur bat gorago, zelaia baten bazterrean hito bat ikusi dugu, goratxoago pista bat hasten da eta pagadian gorantz sartzen. Pistak basotik barna aiseki egiten du gora, goiko zelaietaraino (9:56). Behin belarditan, eskumarantz hartuta (Mendebalde) aldapa pikoari ekin diogu eta hamar minutuetan lepo moduko batera iritsi gara non, norabidea mantenduz gero, goitik behera jaisten hasiko ginateke. Baina, gure ezkerrean (Hegoaldera) Baines.eko harkaitz erraldoia dakusagu, eta parean goitik behera doakion lerro-arrail zabal bat, belar orban batzuk ere dituena. Igotzeko erraza izango delakoan, bertara abiatu gara. Aldapa gogorretik gora egin dugu, batzuetan eskuak ipinita, baina arazorik gabe ailegatu gara goiko bizkarrera ,eta hemen, ezkerrera egin tontorrera joateko, Baines (11:03) (1.858 m).
Zerua garbia daukagu, baina, gure aurrean Ezkaurre lainopean ageri da. Jaitsiera beste aldetik egin dugu (Hego-ekialde), Ezkaurrekin banatzen gaituen lepora, eta hemen ezkerrera, harkaitza utzi eta zoru mixtotik behera jarraitu dugu, orain, bide zidorrak , galtzeko aukerarik gabe, gorantzkoan basoa utzi dugun tokira garamatza.
Azkeneko jatsiera honetan elur orban handiak ikusi ditugu, Ezkaurre Paso-ko kobazuloa ere bisitatu dugu (honek ere elur asko dauka) eta gure jaioek zizak topatu dituzte zelai bazterretan.
Behin basoan, etorri garen tokitik itzultzea bakarrik falta zaigu, 13:18 dira autuetara ailegatu garenean. Euri zaparrada bota du. Txiki ostatura jo dugu, gaur ere, guk ekarritakoa bazkaltzera. Egun eguzkitsua gelditu da.