- Eibartik irteera: 7:30etan
- Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Pintado, Andoni, Arrate eta Azpeitia
- Autoak: Julian eta Andoni
Eibartik abiatu gara Sakanan dagoen Irañeta herrira joateko. Herri bertatik hasi gara oinez Aralar mendi aldera (Ipar) (8:35), Arakil erreka gure ezkerretik doa, harrizko zubi sendo batetik zeharkatu dugu eta, pasa bezain laster, eskumara biratu pista bat hartzeko (8:40). Zubia pasa eta 15 minutura (8:55), bidegurutze batean, ezkerrera egin dugu beste pista batera,(adi hemen!, ibilbidearen leku erabakigarrienean gaudelako), baina 20 bat metro egin eta utzi egin dugu zuzen gora egiteko (8:57) basotik doan markatu gabeko bidezidor bat hartzeko. Bide honek Aralarko San Miguel santutegira eramango gaitu.
Bideak sigi-saga egiten du gora harizti eta erkameztien barrena, lantzean behin garbi gunekin txandatuz, goiko aldean basoa pagadi bihurtuko da. Bidea, nahiko pikoa izan arren, atsegina egin zaigu.
Igoeraren erdialdean goiko antenetara doan errepidearekin topo egin dugu, bertatik 20 bat metro behera (ezkerrera) egin eta, berehala, orain gure eskuman dagoen bidezidorra berreskuratzeko (9.22). Laster bidegurutze batera ailegatu gara (9:42) , zuzen egin dugu aurrera, bideari jarraituz San Miguelera iritsi gara. Hemendik, lurrazal irekietatik gora, antenez josita dagoen, Artxueta (1.345 m) (10:48) mendiaren tontorrera. Hain beste antena egon arren, inguruko paisaiekin gozatu ahal izan dugu, Sakana, Andia, Urbasa, Aralar,…..
Santutegira hurbildu gara atsedena hartu eta zerbait jan-edatera, bide batez bisita bat egin diogu.
Santutegi bertatik Uharte-Arakilera doan bidetik egin dugu jaitsiera, marra horiekin dago markatuta. Ia denbora osoan baso barrenetik doan jaitsiera ederra iruditu zaigu. Beheko bailarara ailegatutakoan errepide batekin egin dugu topo, gure ezkerrean pista zabal bat dago marra laranjekin markaturik dagoena, bertatik joanda itzuli gara Irañetara (13:10).
Etxarri-Aranezen dagoen Borda erretegira joan gara bazkaltzera. 14,5 €ko menua daukate, kafea barne. Etxeko janariak, ondo prestatuak, aukera zabalekin eta ganorazko zerbitzuekin. Oso pozik irten gara. Arratek ordaindu ditu patxaranak oraintsu izan delako bere urtebetetzea.















