- Eibartik irteera: 8:30tan.
- Parte-hartzaileak: Ángel, Pintado, Joserra, Iñaxio, Arrate, Agustín, Josetxo, Roberto eta Julián. Hilabete batzuk bajan egonda gero, gaur berrekin dio Robertok martxetara etortzeari.
- Autoak: Josetxo eta Julián
Barazar mendatera abiatu gara, handik Saldropo hezegunera joatzeko, kotxeak bertan aparkatzeko. Inguruan mahaiak eta iturri bat daukagu.
Gaurko txangoaren helburu nagusia Arralde mendira igotzea baldin bada ere, beste lau tontor egiteko aukera izango dugu.
Oinez hasi gara (9:26) GR-282 marrei jarraituz, Eguna errekatxoa gurutzatu dugu egurrezko zubitxo batetik. GRak siga-saga zabal batuz egiten duelako, utzi eta bidea moztu dugu hito batzuei segituz. Goratxoago, bidegurutze batean (9:35) gorantz jarraitu dugu. Atxuriko haitzetara iritsi baino lehenago, tente egoteko ere zailtasunak izan dugun izugarrizko basatzatik pasa behar izan dugu. Arroketara ailegatutakoan bidea asko hobetzen da eta berehala iritsi gara Atxuriko atakara (10:20), hemen ezkerrera jo (Ekialde) eta laster gaude lehen tontorrean Atxuri (10:25) (936m.). Oso egun garbia daukagu eta bista ederrekin goza izan dugu.
Ia-ia ikusten ez den bide-txingor batetik Ekialdera jarraituz Atxirpe (10;53) (917m.) tontorrera heldu gara, ez du buzoirik. Gaurko helburua ere, ekialdean dugu, gertu eta bere tontorrean dagoen erpin geodesikoa bistan daukagula, belardietatik doan igoera eroso baten ostean, Arralde (10:07) (945m.)
Igo behar ditugun hurrengo mendiak bista aurrean dauzkagu, Bastelarra eta Eneabe, lehenengora joateko, atzera egin dugu 80 bat metro Ipar aldera, mendi bizkarrari jarraituz, goi haitz artean paso bat bilatu dugu eta diagonal batetik, eskuak erabiliz, jaitsi ondoren lepora heldu gara. Hemen , bere ibilbide pertsonala egiten ari den Lizarriturrikin bat egin dugu, hurrengo igoera batera egin dugu. Atsedena hartu dugu zerbait jan-edanez. Berehala berrekin diogu martxari eta Bastelarra (11:35) (864m.), igo gara. Bizkarretik jarraitu dugu ipar aldera, hito bat ikustean eskumara jo eta beherantz egin dugu bailara barrenean dagoen zelai bateraino. Hemen bide zabal hartu dugu (Hemen Lizarriturrik berriz banatzen da, jatetxean elkartu arte) baina berehala eskumara egin (11:55), eta metro batzuk aurrerago (11:57) gure ezkerretik gorantz egiten duen bidea. Gorago, (12:01) pistak itzulinguru luze bat egiten dunez, zuzen egin dugu bizkarretik, lepo batera heldutakoan bi antena ikus ditzakegu, gurea eskumakoa da eta bertara zuzendu gara pista zabal batetik Eneabe (12:15) (782m).
Zirkularrekin segitzeko atzera egin dugu etorri garen bidetik, baina bigarren antenaren azpian dagoen bidegurutzean (12:29) eskumara biratu eta bailera barrenera jaitsi gara. Hemen eskumara jo eta porlanezko pista batetik metro batzuk egin ondoren, gure ezkerrean alanbrezko hesian pasabide bat ikusiko dugu zelai batera sartzeko (12:50). Zelaitik barna, bide garbirik gabe, Mendebalde aldera egin dugu pista batekin bat egin arte, hau eskumarantz hartu eta berehala gaude parkinean (13:09).
Iturrian freskatu ondoren, Barazarrera jo dugu txurrut egitera, eta segidan, ezaguna dugun, Korostondo jatetxera. Zerbitzu azkarra eta ona, 12,50 €ko menua, telazko mantel eta eskuzapiekin, eta ardoa Errioxakoa . Kafeak aparte eta patxaran txupitoa 2,6 €.. Pozik irten gara. Egun benetan ederra pasa duguna.