- Irteera Mendarotik: 8:40 h.
- Parte-hartzaileak: Andoni, Julián, Iñaxio, Roberto, Garate, Pintado, Josetxo, Mari Carmen, Arrate, Angel, Periko Iriondo.
Ibilaldi bat egingo dugu Arnoko mendietatik zehar, hasi Mendaron eta Debako hondartzan bukatzeko. Bainu bat hartu ostean, hondartzan bertan dagoen Itxas-begi elkartean izango dugu bazkaria, Pedro -Julianen anaia- bertako sozio dela baliatuz.
Eibarren trena hartu dugu goizeko 8:15ean, eta 8:40an oinez hasi gara Mendaroko geltokitik. Deba ibai eta errepide gainean dagoen zubitik Azpilgoeta auzora hurbildu gara eta goiko aldean, gure eskuman “Arno bidea” kaletik jo dugu, aurrerago joanda, autopista azpitik pasatzen da. Bertan, mendiko bidea ondo markatzen duten marra gorriak ikusi ditugu, berauei jarraituz ekin diogu txangoari.
Hasieran, ia kilometro bat, autopista eskuman duela egiten du bideak, apenas desnibelik hartu barik, gero ezkerrera egin eta baso barrenetik egiten du gora. Harrizko paraje karstiko hau basoz estalita dago, hasieran, pinudiak dira nagusi, goiko aldean berriz, artadiak. Zerua estalita daukagu, baina ateri, sargori puntua.
Marra gorriei jarraituz, goiko gunera ailegatutakoan (9:47), lehenengo bidegurutzea daukagu, hito batekin markatua, eskumara hartuz gero Txori Haitz tontorrera joateko aukera. Toki honetan bi taldetan banatu gara; batek, aurretik erabakitako ibilbidea egingo du, hau da, Arno (Bandera) eta Arnoko Gurutzea (txango hau da deskribatuko duguna) ; besteak, Txori Haitz (513 m) eta Kanpazar (629 m) mendiak igoko ditu, Arno eta Arnoko Gurutzera joan aurretik.
Beraz, laga eskuman Txori Haitzeko aukera eta, marrekin markatuta dagoen bideari jarraitu diogu. Baso nahiko itxietatik barna, Birular mendi tontorrean dagoen antenara doan pistekin topo egin dugu, solik gurutzatu eta markatutako bidetik segi. Bideak atzean utzita eta bidezidor estuetatik joanda, marra zuri-horiekin markatutako bide batekin bat egin dugu bidegurutze batean (10:10). Ezkerretara jo eta, berehala (2 edo 3 metrotara), gure eskuman hito bat eta marra urdinez markatutako tokitik hartu dugu, harri arteko zoru irregularretik gora eginez Arnoko (618 m) (10:30) tontorrera iritsi gara, seinale geodesikoa. Zerbait jan-edateko atsedentxo bat. Baso barrenean jarraitzen dugunez, ez dugu paisaiarik ikusten.
Jaitsierari mendiko beste aldetik ekiten diogu, marra urdinei jarraituz, Debatik Ondarroara doan GR-121-3 bidearekin bat egin arte (markak zuri-gorriak) (10:41), hemen eskumara hartu eta berehala (10:43) ezkerrera doan bidezidor bati heldu diogu GRa utzita. Zidorrari segituz, utzi eskuman Arnoko aterpera doan bidea, Arnoko Gurutzeara (601 m) (10:55) ailegatu gara.Gurutze handi bat eta buzoia. Bista ederrak Mutriku eta Deba aldera, itsasoa pare parean. Tontor hau gaurko helburua denez, beste taldeari itxaron diogu elkarrekin argazkia atera ahal izateko, 11:30etan iristen dira.
Denok batera ekin diogu jaitsierari ekarri dugun norabidea mantenduz (puntako beste aldetik). Ondo zehaztatuko bideak Santiago bidearekin bat egin eta gero, Kalbarioko mendatera eraman gaitu. Eskumara hartuz, errepidetik behera egin dugu, 500 bat metro pasatutakoan, eskumarako bihurgune estu batera heldu gara, Debara joateko aukera normala bere ezkerrean dagoen pista da, baina hortik ezin da, Deba eta Mutriku lotzen duen zubi zaharra itxita dagoelako, bere erdiko zutabea hondoratu egin delako. Beste aukera da, bihurgune bertatik zuzuen behera, Sagarminaga baserrira doan bidea, baina hau oso itxita ikusi dugunez, bertara itzulinguru bat eginez joatea erabaki dugu. Segi errepidetik behera eta ezkerretara dagoen lehenengo pista zabaletik hartu, baserri batzuetatik pasa eta Sagarminaga baserrira heldu gara. Mahasti barrenetik doan bidea atsegina da eta erraz Lasoa baserrira jaisten da. Orain , eskuman ibaia dugula, zubi berri aldera joan, bertatik zeharkatu eta Debako hondartza jo dugu (13:20).
Hondartzan dutxa eta takila zerbitzua dagoen tokian bezperatik genituen aldagarriak eta bainu arropak lagata. Bertan aldatu gara, gehienok, hondartzan bainua hartu eta gero.
Soziedean oso ondo bazkaldu dugu. Gero trenez Eibarrera.