Egun lainotsu eta epela daukagu ego haizeak eraginda, ateri eutsiko dio egun osoa. Bost lagun batu gara Untzaga plazan 8etan, Julian, Pintado, Moya, Garate eta Andoni. Julianen autoaz goaz, Bergaran errekadu bat eginda gero, 9retarako Araian prest gaude oinez hasteko. Mendi gailurretan laino batzuk burrukan eguzkiarekin, baina nahiko garbia.
Araiara ailegatutakoan aurrean dugun, mendi aldera begiratuz, kale luze batetik joango gara, Intuxi kalea, ia bukatzear dagoenean, gure eskuman Kantoikoa deritzon etxe bat ikusiko dugu, hau pasa eta eskuin aldera dagoen lehenengo kalea hartuko dugu. Kalea pista bihurtuko da eta pista hau jarraitu behar dugu, bideari segitzea erreza da, bide gurtze bakoitzean eskumara edo gora, edota eskumara eta gora, jotzen badugu Martinen Txabolara ailegatuko gara (9:50). Bide osoa erkametz eta haritz baso barrenetik igarotzen da eta onddoak batzen joan gara, dozena pasa bidetik irten gabe. Txabolan pista lagako dugu. Gure aurrean Umandia mendia daukagu, eta pare parean korridore zabal dakusagu, bidezidorra kanal zabal horretatik doa eta berak eramango gaitu zuzen tontorreraino, Umandia (1.223 m) (10:20). Hemen norabide aldatuko dugu Ipar/IparMendebal hartuz Aratz aldera joateko.
Pagaditik behera, gure ezkerrean dagoen mendi bizkarra zainduz, beheko lepora doan bidea aurkituko dugu, Atabarrateko lepoa (10:40). Hemen marrak zuri/horiak ikusiko ditugu PR-121-1 eta hauei kasu eginez, Allaitz txikitik pasatuz, aurki gaude Allaitzeko puntan (1.243 m) (11:00). Zerbait jateko eta edateko atsedena hartu genuen.
Hurrengo lepora jaisteko- Allarte lepoa- markei jarraituko diegu, lepoa pasa eta pixka bat aurrerago marrak utzi eta hito batzuei- eskumara- jarraituz Imeluko (1.320) tontorra joko dugu (11:35) . Berriz behera beste lepo batera, ostera ere markekin topo egingo dugu eta beraiei segituko diegu berriz ere gorantz joateko, gure eskuman hitoak ikusi arte. Hemen bidea utzi eta hitoak markatzen duten bidezidorrari segituz ailegatuko gara Aratzeko tontorrera (1.447 m) (12:00).
Bide osoan ego haizeak gogoz eta gogor astindu gaitu eta hemen tontorrean zer esanik ez, mendi ipar aldera joanda babestu behar izan dugu. Goi laino beltzak dauzkagu baina ez dirudi euritara joko duenik eta inguruko mendi gehienak garbi azaltzen zaizkigu.
Kordelari jarraituz berehala gaude Elurtzuloko puntan (1.431 m) (12:10), goitik behera hasten gara, laster, Urbira, San Adrianera eta Araiara doazen bideen bidegurutzea aurkituko dugu(seinaleak) (12:22). Ezkerrera hartuko dugu, Araia aldera.
Bidea ondo markatua dago, pagaditik goitik behera, Azkasaroi txabola ondotik belardia zeharkatu, eta berriz pagaditik behera, seinaleak segituz. Araia (13:35).