Eibartik irteera: 8etan
Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Arrate, Roberto, Mari Carmen, Joserra, Josetxo, Javi Ávila, Agustin eta Andoni.
Autoak: julian, Javi Avila eta Joserra
Gaur ibilbide zirkular bat egingo dugu Eskoriatza herritik hasita Aranguren eta Atxorrotz mendietatik pasatuz. Deba ibaiaren den, Bolibar errekaren bailera inguratuko dugu.
Herriaren erdigunetik GI-3344 errepidea irteten da bariante aldera eta zubi batekin zeharkatzen du. Zubia pasa eta bertan aparkatu ditugu kotxeak oinez hasteko. Ibilbideari ekin diogu (8:30) Mendiola auzora doan errepidetik abiatuz, 25 minutu gorantz egin da, Letegarai baserria pasatuta, hiru aukera dituen bide gurutze batera iritsi gara (8:55), ezkerrera doan errepidea utzi, eta zuzen egin dugu gora asfaltatu gabeko pista batetik. Pista honek, bidegurutze batzuetatik pasata, San Juan Txiki ermitara eramango gaitu. Lehenengo bidegurutzean (9:20) ezkerrera, berehala (9:25) eskumara eta hurrengoan (9:31), berriz, ezkerrera, pagadi zabal baten sartutakoan baselizarekin topo egin dugu (9:44), iturri eder bat ere badago.
Pagaditik zuzen gora egin dugu Mendiolatik datorren pistarekin bat egin arte, gero, pistari gorantz jarraitu diogu, gora goazen heinean Kurutzebarri eta Elorreta mendiak gure ezkerrean lagatzen joan gara, Apotza edo Kargaleku deituriko lepo zabalera ailegatu arte (10:16), hemen, pista utzi eta eskumara jo dugu pagadi aldapatsu baten sartzeko, bertatik doan bidezidor batek Aranguren (1.149 m) (10:35) mendi tontorrera eraman gaitu.
Bista ederrak, Gorbeia, Anboto, Aizkorri,…
Ekarri dugun norabideari eutsiz ekin diogu jaitsierari (Hego-Mendebalera), norabide berbera daraman pista batera heltzeko, berari jarraituz, igoera txiki baten ondoren, Lizargarate lepora ailegatu gara (11:27), hemen GR-121ekin bat egin dugu, baina berehala utzi dugu (11:30) eskumara hartuz, jaisten hasteko beste pista batetik, 20 minutu pasatuta (11:51) bidegurutzean zuzen beherantz jarraitu dugu, hurrengoan berriz, (12:10), erdiko bidetik, besterik gabe iritsi gara garai baten gaztelu bat eta orain ermita bat daukan tontorrera, Atxorrotz (12:20) (736 m.).
Bide garbi batek , marra zuri-horiak, zuzen jaisten gaitu Eskoriatzara. (13:10).
Aretxabaletara jo dugu bazkaltzera, Taberna Berri jatetxera, ondo hornitutako menua eskaintzen dute 11 €tan, kafea barne duela, oso ondo bazkaldu dugu, ardoak, berriz, nafarrak. Gainera zerbitzu on batekin, ezin zaio gehiago eskatu.
Patxaranak Josetxok ordaindu ditu, bere urtebetetzea ospatzeko.