Eguraldi ona dago iragarrita eta horrela Anboto haitzetara hurbiltzera animatu gara. Julianen autoan goaz beraz gain, Garate, Pintado eta Andoni. Goizeko 8etan Eibartik abiatuta, 8:30tarako prest gaude Arrazolan oinez hasteko. Eguraldia ez dago oso garbia, mendiak txapelekin dakusagu, baina garbituko den esperantzekin ekiten diogu.
Herria zeharkatu gorantz eta laster, bidegurutze batean, haitzetara doan bidea utzi, eta aurrera egingo dugu (8:41) Zabalandi aldera. Bidea nahiko garbi dago, galtzada batera eramango gaitu, gero erreka (Errekaundi) gurutzatu eta pago batetik gorantz joango gara altura irabazten bide eroso batetik. Lepo batera ailegatutakoan (9:47), bide gurutzea, gure ezkerretara jota laster gaude Andasto (828 m) mendiaren tontorrean (9:50). Hemendik Anboto aldera dakusagun paisaia ederra da benetan . Berriz atzera egin behar dugu lehengo bidetik aurrera egiteko Zabalandi aldera, apur bat gorago Besaidetik datorren GR-123kin topo egingo dugu (10:00) eta bide hau jarraituz gure eskumara berehala aurkitzen gara Zabalandin (10:15)
Anbotorako bidea erraza da, zuzen gora, markatua dago. Eguraldia garbitzen ari da baina oraindik laino fin batzuk ikus genezake gailurretan. Ez da ona haitzetan ibiltzeko. Haitzak lehorrak daude baina belarrak ez, horrela bota azpiak bustitzen dugu belardietan eta gero arroketan labaintzeko arriskua areagotzen da. Arazo honekin aurre egin beharko diogu gaurko ibilaldiari.
Anboto tontorrean (1.333 m) (11:10) zerbait jan eta bere gailurreriari ekiten diogu, gainez gain joango gara, kontu handiekin lanbroak belarrak busti dituelako, Elgoinetik (1.248 m) pasatuz, ordubete barru Kurutzetan (1.215 m)(12:10) aurkitzen gara.
Larrano aldera jaitsi eta eskumako pagadian dagoen iturrian (12:32) trago egin eta behera nahiko zuzen joko dugu, lehenengo pagadia eta gero erdi harri erdi belardi paraje bat zeharkatu beharko dugu, behean eskumarantz hartu (hito batzuk ikusiko dugu) eta laster Arrazola doan bidea aurkituko dugu. Arrazolan gaude 13:40tan.
Etxe baten ondoko iturrian txukundu eta bazkaltzera. Atxondoko Santiago auzoan dagoen Etxoste tabernan bazkaldu genuen. Oso ondo, agian orain arte probatu dugun toki onena, edo onenetariko behintzat bai. Menua 13,5 €, baina merezi du, ardoa ere Errioxakoa.