Lurraldea Nafarroa
Mendikatea Gorramendi
Altuera 965 m.
Kokapena 43.23960,-1.40991
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Irubelakaskoa
Ibilbidea egindako eguna 2016-10-27
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Otsondotik Gorramendirako pista
Ibilbidearen helmuga Otsondotik Gorramendirako pista
Denbora igotzen 2:10 h.
Denbora guztira 4:05 h.
Distantzia 12 km.
Igoera desnibela 886 m.
Jeitsiera desnibela 886 m.

Alkaxuri

  • Eibartik irteera: 7:00etan.
  • Parte-hartzaileak: Julian, Roberto, Pintado, Garate, Iñaxio, Andoni.
  • Autoak: Julian, Roberto.

Elizondo aldera jo dugu, Otsondo mendatea igo eta bertara ailegatzear gaudela gure eskuman, Gorramendi aldera doan pista zabala (ia errepidea), hartu dugu. Errepide honetatik 6,9 kilometro egin ditugunean gure ezkerretara aparkatu ditugu autoak, ur depositu baten ondoan. Gure aurrean Otanarteko tontorrean dagoen antena behar luke, baina dagoen lainoekin ez da ezertxo ere ikusten. Itzulitakoan, eguerdi aldera, ikusiko dugu. Ingurumaria osoa ehiztariez beteta dago, lainoak eta haizerik ezak bultzatuta gehienak etxerako bidea hartzen ari dira.

Errepidearen ezker aldean gorantz doan bide zabal batetik abiatu gara (8:35) (ez bere ondoan beherantz doanetik), txabola batetik igaro eta laster iristen gara pagadi baten dauden beste bi etxoletara, bidea utzi eta eskumara jo behar dugu aldapa gogortxo bati ekiteko eta zuzen igotzeko Otanarte aldera. Ez dakigu biderik dagoen ala ez, guk behintzat, laino zerratuaren barna, ez genuen bilatu. Gora egin genuen ahal zen moduan eta ibiltzeko toki erosoenak topatzen, zaila da galtzea ze bagenekien gure gainean zegoen linea elektrikoa tontorrera zihoala. Laino artean topo egin dugu Otanarte (1.064 m) (9:25) puntan dagoen izugarrizko antenekin.

Ez da piperrik ikusten eta GPSa erabilita Ipar-ekialdera jo dugu Gorramakil aldera, bere tontor ondotik igaro dugu baina ikusi gabe, mendiaren bizkarra galdu gabe Burdingurutzetako lepora jaitsi gara eta norabidea mantenduz Akomendi (965 m) (10:10) mendia igo dugu. Bidea, ia osoa, belar alfonbra bat izanda, plazer bat hemendik ibiltzea. Tontorrean gaudela lainoak ezabatzen hasi eta inguruko paisaia ikusten hasi gara. Beherantz joateko norabide aldaketa txiki bat egin eta Hego-ekialde aldera jo dugu, horrela, mendi bizkarra galdu gabe Gorostiko lepora jaitsi gara, behin lepoan, aurreneko norabidea berreskuratu dugu ondo markatuta dagoen bidezidor batetik igoerari ekiteko, bide bukaera harritsu izan arren nahiko erraz egiten da, Alkaxuri (965 m) (10:45). Oraindik laino batzuk egon arren inguruko mendi gehienak garbi azaltzen zaizkigu. Eguraldi ederra aprobetxatuz zerbait jan-edan dugu tontorrean.

Beherako bideari etorritako tokitik heltzen diogu, oraingoan mendi bizkar gainetik, Gorostiko lepora ailegatutakoan (11:30) aurrera jarraitu dugu, gure eskuman, berriz igo gabe, Akomendi utzita, eta laster Burdingurutzetako lepora heltzen gara (11:38), Gorramakil eta Akomendi lotzen duen kordela gurutzatu eta poliki beherantz doan bidetik abiatu gara, berehala pagadi baten barna sartzen gara eta bideari jarraituz izugarrizko arroilak ikusteko aukera ematen digu. Poltsa bat betetzeko beste urritxa jaso ditugu pagadian, Iñaxiok eraman ditu. Bideari segituz autoetara iritsi gara (12:40), lainoak zeharo ezabatu dira , baita ehiztariak ere.

Bazkaltzera Iruritan dagoen Olari jatetxera joan gara, menua 11,5 €tan, ardo gorria menutik kanpo eskatu dugu, kafeekin eta patxarenekin 15 €tara joan da. Eskaintza ez da oso zabala baina etxeko janari onarekin egina. Bikain.

Powered by Wikiloc