- Eibartik irteera: 7:30 etan.
- Parte-hartzaileak: Pintado, Andoni, Julián, Garate, Roberto y Joserra
- Autoak: Julián y Joserra.
Eibartik irten gara A-8 autopista Behobia aldera hartuz, gero Elizondotik pasa eta Beartzun auzora iristeko.
8:50etan oinez hasi gara Ego-ekialde aldera gorantz doan bide batetik, marra zuri-horiekin markatua dago. Txori kantuek ongietorria ematen digute, Julianek dio gehien entzuten dena urretxindorra dela. Inguru ederra eta garbia.
Bidea erosoa da igotzeko, pagadi bat zeharkatu ondoren goiko zelaietara ailegatu gara, Belauneko lepoa gaude (9:45), hemen marra zuri-horiak utzi eta eskumara jo dugu, orain GR baten marka gorri-zuriei jarraitzeko, laster, Hargibel mendiaren haitzak ikusi ditugu gure ezkerrera, bidea utzi eta zuzen abiatu gara tontor aldera, marra horiak daude, tontorrera iritsi baino lehenago Harrikulunka deituriko kili-kolo dagoen harritzarra bisitatu dugu (10:10), argazki batzuk egin ondoren Hargibel igotzen jarraitu dugu, gero beste aldera jaisteko, mendiaren izen berdineko lepora (10:25). Handik, malda belartsuetan gora gure aurrean dagoen haitzezko tontorreraino, Alba (1.074m) (10:40). Eguraldia ona denez puntan bertan gelditu gara zerbait jan-edateen.
Norabidea mantenduz mendiaren beste aldean dagoen lepora jaitsi daiteke, baina horretarako haitzez haitz joan behar da eta hori saihesteko etorri garen bidetik itzuli gara belardira, eta behin zelaian gaudela bide-txingorrei jarraituz Alba mendia inguratu dugu gure ezkerrean lagata, arbola handiko pagadi bat zeharkatu ondoren Urbillo lepora heldu gara (11:10). Jaitsierarekin jarraitu dugu bertan dagoen pista eskumara hartuz (Ipar aldera), bertatik segitu dugu gure eskuman, metro gutxira, Lizardi borda eduki arte, hemen pista utzi eta gure ezkerrean dagoen bide bat hartu dugu. Bide hau ez doa zuzen Beartzunera , pistak egiten duen bezala, eta itzulinguru handiago egiten badu ere, merezi du, paraje oso naturalean sartzen delako, oso baso ederretan barna eta izugarrizko gaztainondo ikusteko aukera ematen diguna. Bideari jarraituz, toki askotan apenaz bidezidorra, “Pariseneko borda” baserrira heldu gara, bertara ailegatzen den pistatik behera egin eta 200 bat metrotara, pista utzi eta gure eskumara ikusten dugun bidetik behera egin dugu (12:15) . Hemendik aurrera beti gure eskumara doazen bideak hartu ditugu, ahal den eta altuera gutxien galduz, eta horrela autoetara iritsi gara, Beartzun (12:40). Ailegatu baino apur bat lehenago, erreka baten ondoan, suge gorbatadun bat ikusi dugu, jaio berria itxurez, oso natura-gune garbian gabiltzanaren seinalea.
Bazkaltzera Doneztebeko Santamaria jatetxera abiatu gara, beti bezala oso ondo jaten da. Orain arte mantela eta eskuzapiak telazkoak izaten ziren, gaur, berriz, eskuzapiak paperezkoak. Menuko ardoa nafarra eta zerbitzua oso ona. Menu 15 €, kafea barne. Kopak Pintadok ordaindu ditu laster bere urtebetetze delako.