Lurraldea Gipuzkoa
Mendikatea Aizkorri
Altuera 1552 m.
Kokapena 42.95878,-2.32997
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Aketegi
Ibilbidea egindako eguna 2015-09-19
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Arantzazu
Ibilbidearen helmuga Arantzazu
Denbora igotzen 2:18 h.
Denbora guztira 4:45 h.
Distantzia 15,2 km.
Igoera desnibela 1160 m.
Jeitsiera desnibela 1160 m.

Aitxuri

Zapatu goiza aprobetxatuz pentsatu dugu Aitxuri egitea. Andonin kotxean joan gara, goizeko 8etan, beraz gain, Julian eta Pintado.

Arantzazura iritsitakoan azkeneko tabernatik (Sindika) igaro eta pista bukatu arte kotxean jarraitzen dugu, burdinazko ate-sare baten ondoan aparkatzen dugu autoa.

8:30 hasi gara oinez Urbia aldera ondo markatuta doan bidetik. Bide erosoa pagaditik barne Elorrolako lepora iritsi arte (9:22), gure aurrean Urbiako zelaiak zabaltzen dira. Lizardien barnetik doan bideari ekingo diogu eta horrela, ermita baten ondotik pasa eta gero, Urbiako fondara iritsi gara. Iturri bat daukagu.

Berriz lizar artetik doan bidetik abiatuko gara (Ekialde) Aizkorriko haitzen aldera, lizardien bidea bukatzen denean norabide berdina daraman pista bat hartuko dugu, pista honek Arbelarko txaboletara garamatza, baina txaboletara ailegatu baina apur bat lehenago (9:50) ezkerretara jo behar dugu gorantz , aldapa gogor batetik, Arbelaitz eta Iraule mendien bitartean dagoen kanal batetik. Markak ikusiko ditugu bertatik Aizkorriko maratoia pasatzen delako.

Goiko gailurrera ailegatutakoan eskumara hartuko dugu, marrak ditugu, laster iristen gara Irauleko (1.506 m) tontorrera (10:30). Hemendik aurrera gailur ondotik doan bidezidorrari jarraituko diogu, horrela iritsiko gara lehenengo Atxurira(1.552 m) (10:48), eta gero Aketegira (1.548 m) (10:56) eta Aizkorrira (1.523 m) (11:24).

Urbira itzultzeko ekarri dugun bidea hartuko dugu eta Aketegi aldera gorantz hartu behar duenean, utzi eta ezkerretik ondo markatuta doan bidetik jarraituko dugu. Bideak Urbira garamatza eta han, gorantz ekarri dugunarekin bat egingo dugu Arantzazu aldera joateko. Autoan 13:15ean.

Ohitura onak mantendu aldera, Urtiagain tabernan geldiune bat egin dugu, txorixoa eta ardoa dastatzeko.

Oharra: 2017ko ikerketa baten arabera, mendilerro honetako gailurren izenak aldatu egin dira. Hona hemen egindako aldaketak:

  • Aitxuri -> Aketegi (1552 m.)
  • Aketegi -> Aketegiko erpina (1548 m.)

 

Powered by Wikiloc